argia.eus
INPRIMATU
Klima larrialdiari aurre egiteko alternatiben eta gogoeten topaleku izanen da Baiona asteburuan
  • Euskal Herria Burujabe "festa herrikoi eta ekintzailea" antolatzen ibili da Bizi! mugimendu ekologista, lurralde "jasangarri, solidario eta burujabea" osatzen duten alternatiben ezagutzeko asmoz.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2023ko urriaren 05a
Euskal Herria Burujabe topaketak antolatzen dabiltza hamarnaka laguntzaile. Argazkia: Bizi!

Kontzertuak, hitzaldiak, elkarteen erakusmahaiak, erakusketak, proiekzioak, testigantzak, eskaintza artistikoak, eztabaidak, umeentzako jarduerak eta beste, izango da zer egina urriaren 7 eta 8an Baiona Ttipiko karriketan. Euskal Herria Burujabe izena jarri die Bizi!-k topaketei eta bi helbururekin aritu da unea marrazten: klima larrialdiari aurre egiteko alternatiben eta gogoeten zabaltzea eta Euskal Herri "jasangarri, solidario eta burujabea" osatzeko bidean urratsak ematea.

Euskal Herriko zein Frantziako Estatuko aditu eta arituak bertaratuko dira eta milaka lagunei harrera egiteko topalekua osatu dute. Gogoetaz gain festa giroa ere egonen da, araberako eskaintza osaturik –kontzertuak, joaldunak, txistulariak, batukadak ala beste–.

Sei hitzaldi euskaraz

Gogoeta gehienak frantsesez eginen diren arren, sei hitzaldi bideratuko dituzte euskara hutsean, biga larunbatean eta lau igandean.

Larunbatean (14:00-15:20) justizia klimatikoaz ariko dira EHUko irakasle Elisa Sainz de Murieta eta Aitor Urresti. Ondotik (15:40-17:00) Euskal Herria Burujabe: mende honetako erronkei aurre egiteko lurralde burujabe, jasangarri eta solidarioak lelopean ariko dira Hego Euskal Herriko Greenpeaceko koordinatzaile Lorea Flores, Joseba Azkarraga soziologoa eta ekofeminismoan dabilen Mirene Begiristain irakaslea.

Igandean, alternatiba kolektiboen testigantzak entzungai izanen dira 10:00etatik 11:20tara, Bizi!-ko Habitat etxebizitza taldeko kide Mathilde Etxeleku, Errigorako Xanti Kiroga eta Aupa izeneko autopartekatze kooperatibako Iban Lizarralderen partetik. Ondotik, 11:40-13:00 tartean Naturaren balio anitzen babesa eta hizkuntzak hitzaldia eskainiko dute euskalgintzako Plazara-ko Xan Airek, bionaiztasunean aditua den Unai Pascual ikertzaileak eta Itsaso Olaizola Azurmendi ekologista eta euskaltzaleak. Ekofeminismoaz izanen da 13:30-14:50 tarteko solasaldia, Mirene Begiristain eta Aiala Elorrieta ekofeministen presentziarekin. Azkenik, kooperatibismoaz ariko dira (15:10-16:30) Olatukoopeko Beñat Irasuegi, Biziolako Agurtzane Allur eta Talaios-eko Gorka Julio, Kooperatiben eginkizuna mundu iraunkor eta solidarioa eraikitzeko erronkan zentratuz, .

Trantsizio ekologikoa helburu, Alternatiba topaketak antolatzen ibili zen Bizi! 2013an, eta hamar urte pasa direla "Euskal Herria Burujabe" topaketekin itzuli da.