argia.eus
INPRIMATU
Klima larrialdiak Asiako 1.400 milioi biztanlerengan eragin dezakela ohartarazi dute
  • Landaredia eremuak sortu direla jakinarazi dute Erresuma Batuko Exeter Unibertsitateko ikerlariek. Horien hazkuntzak ur kontsumoan eragingo lieke bertatik datorren ura edaten duten biztanleei.

Igor Galarza Intxausti @IgorGalarza 2020ko urtarrilaren 17a
Himalaya, Everest atzean. Argazkia: Karen Anderson

Everest inguruan belarra hazten ari da. Albiste arrunt izan daitekena zergati larri bihur liteke. Exeter Unibertsitateko ikerlariek 1993an hartutako irudiak 2018an ateratakoekin alderatu dituzte, eta landaredia hazten ari dela ondorioztatu dute. Hazkunde hori, batez ere, 5.000 eta 6.000 metroko garaieran gertatzen ari dela jakinarazi du Niusdiario.es webguneak.

Himalayako uraren bidez 1.400 pertsona hornitzen dira Asian. Landareen ur beharrak biztanleek eskuragai izango luketen ur kopurua jaitsiko luke. Baina ikerketak dio ekosistema horren inguruan informazio gutxi dagoela eta landareek hostoen bidez xurgatutako uraren lurruntzeak ere lagundu dezakeela tenperaturak erregulatzen. Hori dela eta, ikerlariek ikerketa plan gehiago abiatzea eskatu dute.

Izan ere, ikerketak aldaketa hori detektatu du, baina ez du zehaztu zeintzuk diren kausak. Datu horrek planeta berotzen ari dela erakusten du, landarediak eremu horretan orain arte zegoen klima hotza ezin zezakeelako jasan. Orain, aldiz, eremu hori berotzen doan heinean gero eta belardi gehiago hazteko aukera dago.