“Klima aldaketari buruzko negoziazioen ardatza ez da ingurumena, ekonomia baizik. Parisko COP21 gailurrak ondorioak izango ditu ingurumenean, baina izatez ekonomia sistemak egokitzea da helburua, horra errealitate gordina”.
Hala mintzatu da Claudia Salerno, Venezuelak Belgikako Estatuan daukan enbaxadorea, GUE/NGL talde parlamentarioak Europako Legebiltzarrean antolatutako "No nonsense, no excuses; only real climate solutions" (Zentzugabekeriarik ez, aitzakiarik ez; klimarako benetako irtenbideak) konferentzian.
Alternatibak herri mugimendutik sustatu beharra
Mundu osoa abenduan egingo den Parisko COP21 klimaren goi-bilerari begira jarria den honetan, gailur horretaz espero dezakegunaz eta gizarte zibilak hartu beharko lukeen jarreraz jardun dute, besteak beste, konferentziaren goizeko saio bietan.
Oro har, COP21ek ekar dezakeenaz ezkor agertu dira hizlari guztiak. Bi ideia nabarmendu dira: batetik, gizarte zibilari dagokio irtenbideak gauzatu daitezen bultzatzea, estatuetako agintariek 2015ean zehar aurkeztu dituzten asmoetatik ezer gutxi espero baitaiteke.
Bestetik, abenduko gailurra porrota izango da, izenpetuko den akordioa, loteslea ez izateaz gain –AEB, besteak beste, ez daude halako hitzarmen bat sinatzeko prest–, orain arteko saiakerak huts egitea eragin duten ezaugarriak izango dituelako berriz.
Denek ez dute erantzukizun berdina
Ildo horretan, herrialde garatuek, historikoki berotegi efektuko gas gehien isuri dutenek, besteek baino erantzukizun handiagoa dutela onartu nahi ez izatea kritikatu izan da. Goizeko lehen saioan parte hartu dutenek behin baino gehiagotan azpimarratu dute ideia hori, Venezuelako eta Boliviako ordezkariek batez ere.
Boliviako enbaxadako Gustavo Maynerrek berriki egindako Klima Aldaketari buruzko Herrien Mundu Konferentziaren ondorioak aurkeztu ditu. Funtsean, kapitalismoa baztertu eta bizitza eta ama lurra erdigunean jarri beharra aipatu du Maynerrek, bai klima aldaketari behar bezala oldartzeko bai pertsona guztien bizitza hobetzeko.
Brasilgo Gobernuaren izenean hitz egin duen André Odenbreit Carvalhok esan du ez dela erraza emisioak murrizketak konpromisoak betetzea garapen bidean dauden herrialdeetan, klima aldaketari aurre egiteko erronkarekin batera pobrezia indize izugarriak gutxitzekoa ere badagoenean. Lehentasunen artean herritarren gosea ez duten estatuei klima aldaketaren aferako lehen lerroan kokatzeko eskatu die Odenbreit Carvalhok.
Klima aldaketa ez da ingurumen arazo hutsa
Herri mugimenduko zenbait ordezkarik hitz egin dute bigarren saioan. Klimari buruzko aldarrikapenak eta justizia sozialaren aldeko borroka ezin dela bereizi nabarmendu dute. “Hutsegitea litzateke klima aldaketa ingurumen arazo hutsa dela pentsatzea, askoz zabalagoa da”.
Coalition21eko kide Christophe Aguitonek, berriz, justizia klimatikoaren aldeko mugimendu global bat eratzeko ezintasuna aipatu du, eta irtenbideetako asko (energia fosilak baztertu eta berriztagarrien aldeko egitea, esaterako) tokian tokiko borroketatik bideratu daitezkeela adierazi du: “Dagoeneko frogatu dugu hala dela, hamaika herrixka alternatibo daude martxan”.
Arratsaldean, frackingaren aurkako borrokan ibilitako hainbat taldek beren bizipenen –eta kasu batzuetan, garaipenen– berri ematen ari dira, tartean Euskal Herriko Fracking Ez plataformak. Amaitzeko, klima aldaketari aurre egiteko benetako soluzioei buruz mintzatuko dira hainbat talde talde eta erkundetako ordezkariak.
Bi gradutik gora ez egiteko helburua, kolokan
COP21 prestatzeko Bonnen nazioarteko biltzarra –2015erako aurreikusita zeuden hiruretatik azkena– egiten ari direla dator gaurko konferentzia (hemen Bonneko bigarren batzarrari buruzko albistea). NBEko herrialde guztiek berotegi efektuko gasen emisioak gutxitzeko dauzkaten planak aurkeztu behar zituzten urriaren 1a baino lehen –askok ez dute oraindik egin–, eta hortik abiatuta Kyotoko Protokoloa ordezkatuko duen akordio globala adostu nahi da Parisen.
Helburua da beroketa globala, industrializazioaren aurreko garaia abiapuntutzat hartuta, ez dadila izan bi gradutik gorakoa 2100. urterako. Momentuz estatuek aurkeztu dituzten asmoekin, ia hiru graduko igoera aurreikus daiteke.