argia.eus
INPRIMATU
Klima aldaketaren kontra agindutakoa ez betetzeagatik auzitegietan da Frantziako Gobernua
  • Lau talde ekologistek duela bi urte abiaturiko prozesua auzitegietara iritsi da: joan den ostegunetik, Frantziako Gobernua epaitzen ari dira Parisko Epaitegi Administratiboan, klima aldaketari aurre egiteko agindutako neurriak ez betetzea leporatuta. Epaia hilabete bukaeran iritsiko da eta Gobernuaren aurkakoa izatea aurreikusten da, baina gehiago izango du sinbolikotik, benetako zigorretik baino.

ARGIA @argia 2021eko urtarrilaren 19a

Greenpeace, Oxfam, Nicolas Hulot Fundazioa eta Notre affaire à tous talde ekologistek bi milioi sinadura lortu zituzten –Estatuan aurrekaririk ez duen babesa–, Frantziako Gobernua epaitegiko aulkira eramateko. Leporatzen zaiona: CO2 isuriak murrizteko agindutakoa ez duela bete. 1990eko isuriekiko, 2030erako isuriak %40 murriztuko dituela esana du Gobernuak, baina egun daraman politikarekin zaila du halakorik lortzea. 2018-2019 artean, %0,9 murriztu ziren isuriak, baina urtean %1,5 murriztu beharko lirateke, agindutakoa betetzeko.

Epaia bi aste barru inguru iragarriko da, eta Gobernua errudun joko dutela aurreikusten da, baina sinbolikoa izango da, ministro publiko edo fiskalak Frantziako Gobernuarentzat eskatzen duen zigorra baita “kalte moralengatik” talde ekologistei euro bana ematea eta isuriak murrizteko borondatea erakutsiko duten dokumentu berriak aurkeztea, ez ordea neurri zehatzak hartzea.

Hala ere, “Mendeko Auzi” gisa ere izendatua izan denarekin pozik dira talde ekologistak. Agintariek promesa berde ederrak egiten dituztela baina sistematikoki ez dituztela betetzen frogatuko duela diote, baita ere aurrekaria izango dela herritarrek eta beste elkarteek kalte-ordainak eska diezazkioten Estatuari. “Helburua da agintariei garesti ateratzea aginduak ez betetzea, eta ondorioz betetzeko konpromisoa benetan hartzea”.

Macronen Gobernuak klimari lotutako lege berria aurkeztuko du otsailaren 12an Ministroen Kontseiluan.

Bestalde, Espainiako Estatuan ere antzeko ekimena abiatu zuten pasa den irailean Greenpeace, Oxfam eta Ekologistak Martxan elkarteek, aldaketa klimatikoaren gaian Espainiako Gobernuak agindutako neurriak bete ez dituela-eta.