argia.eus
INPRIMATU
Klima aldaketaren aurka ausardia eskatu dio Europako Legebiltzarrak EBri
  • Urriaren 14an Bruselan egindako osoko bilkuran, Europako Parlamentuak onartu egin zuen datorren abenduko klimaren gailurrean (COP21, Paris) Europar Batasunak defendatu beharko lukeen bide-orria. Besteak beste, Legebiltzarrak eskatzen du EBk berotegi efektuko gasen emisioen %40ko murrizketaren alde egin dezala 2030erako, 1990eko igorpenekin alderatuta.

Unai Brea @unaibrea2 2015eko urriaren 15a
Tuvalu da itsas mailaren igoerak gehien mehatxatzen dituen estatuetako bat (Arg.: Stefan Lins/CC By SA).

Hain zuzen ere, portzentaje hori bera da EBk COP2-i begira aurkeztu dituen helburuetan ageri dena. “Guk eskatu dioguna, ordea, %40ko murrizketa hori gutxieneko abiapuntua izatea da”, azaldu du Florent Marcellesi Equoko legebiltzarkideak, “eta ez goiko langa”. Haren esanetan, COP21en Europar Batasunak berreskuratu egin behar luke klima aldaketaren aurkako borrokan garai batean izandako lidergoa.

Equoko kideak uste du klima aldaketaren aurkako borrokaren ikuspuntutik hobe litzatekeela urte horretarako helburua %70 inguruko murrizketa izatea, baina ontzat eman du Parlamentuaren erabakia, gaiarekiko sentiberatasun oso desberdinak direla kontuan izanda. Guztira 434 parlamentarik bozkatu zuten erresoluzioaren alde, eta 96k aurka.

2050ean karbonorik gabe

Onartutako testuan, Europako Legebiltzarrak dio Pariseko gailurrean adostuko den akordioa loteslea izan beharko litzatekeela –ez dago argi hala izango den ala ez–, konpromisoen bost urteroko errebisioak ezarri beharko lituzkeela eta karbono emisioak 2050 ingururako desagerrarazi beharko lituzkeela guztiz –eta ez 2100erako, orain proposatzen denez–, beroketa globala bi graduren azpitik mantentzeko helburu orokorra erdietsi nahi bada.

Halaber, energia berriztagarrien ezarpenean eta efizientzia energetikoaren alorretan 2030erako jarritako helburuak hobetu beharko liratekeela adierazi du Parlamentuak. Komeni da gogoratzea eremu bi horietan zein emisioen murrizketan 2020rako hartutako konpromisoa dagoeneko betea duela Europak. Horrek erakusten du, talde ekologista gehienek kritikatu izan dutenez, 2030erako helburuak askoz handinahiagoak izan zitezkeela.