argia.eus
INPRIMATU
Klima aldaketaren eraginak atzeraezinak izango dira 30 urte barru
  • Lurraren tenperatura bi gradu gehiago igotzen bada, 2050. urterako ezin izango zaio aurre egin klima larrialdiari. Nazio Batuek onartu duten txostenaren arabera, neurri zorrotzagoak ezarri behar dira hori ekiditeko.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko ekainaren 25a
Argazkia: Jody Lehigh

Klima aldaketaren eraginak atzeraezinak izango dira 2050. urterako, neurri zorrotzagoak ezartzen ez badira. Ur eskasia eta elikagai falta larriak egongo dira eta hainbat bizidun espezie desagertuko dira 30 urteren buruan. Animaliak eta landareak ekosistema berrietara egokitu daitezkeen arren, gizakiek ezin izango diote egoerari eutsi. Horrela adierazi du NBEren Klima-aldaketari buruzko Gobernuarteko Adituen Taldeak, 4.000 orrialdeko txostenean.

Txostena NBEko 195 estatu kideek sinatu dute, baina ez dute publiko egingo datorren urteko otsailera arte. 2021aren amaieran, klima aldaketari eta biodibertsitateari buruzko nazioarteko batzarrean bilduko dira, eta orduan erabakiko dute zein neurri ezarri txostenean aurreikusitako larrialdi egoera ekiditeko. 

Indarrean dauden arauak malguegiak direla esan dute. Duela hamar urte ezarri zuten lurraren tenperatura, gehienez ere, bi gradura arte igo zitekeela, baina txostenean esan dute 1,5 gradura igoko balitz ere, arazoak atzeraezinak izango liratekeela. Gainera, egungo joerarekin, hiru graduko igoera espero da 2050. urtearen bueltan.

Tenperatura bi gradu igoz gero, hemendik 30 urtera 130 milioi biztanle egongo dira muturreko pobrezian; egun baino 80 milioi pertsona gehiago egongo dira gosez; eta 400 milioi lagunek izango dute ur falta. Era berean, 420 milioi pertsonek pairatuko dituzte muturreko kanikulak eta beste hainbat katastrofe natural: lehorteak, zikloiak, suteak zein uholdeak. Bereziki, Brasilgo ekialdean, Asiako hego-ekialdean eta kostaldeko guneetan izango dute horrelakoak sufritzeko arrisku gehien.

Amazonia sabana bilakatuko dela azaldu dute txostenean, eta Groenlandiako eta mendebaldeko Antartikako glaziarrak urtzeak itsasoaren maila 13 metro igoko duela gehitu dute. Horrek guztiak hainbat animali eta landare espezieren bizilekuak kaltetu eta desagerraraziko ditu.

Klima aldaketaren konferentzia

2021eko urriaren 31tik azaroaren 12ra bitartean egingo da Glasgown NBEren klima aldaketaren nazioarteko urteroko konferentzia. Mende erdialderako, tenperatura igoera 1,5 gradutan mantentzeko arauak proposatzea izango da helburu nagusia.