argia.eus
INPRIMATU
Klima aldaketaren aurrean, Irurtzun eta Arakilgo VII. Bertako Ganadu Azoka irailaren 15ean
  • Irurtzungo plazaren inguruan abereak, garaiko nekazal produktuak eta artisau-ogibideak ikusi eta erosi ahalko dira. Antolatzaileen hitzetan, azoka honekin salmenta zuzena indartu nahi dute, "laborantza eta elikadura herrikoiak gizartea elikatzen baitu", eta aurtengoan gai hau plazaratuko du azokak: klima aldaketan laborantza iraunkorrak duen garrantzia: "Herritar baten Negutegi Efektuko Gasen %37,3a elikadura motaren ondorio dira".

     
ARGIA @argia 2019ko irailaren 06a

Abere azokak hiru gune izango ditu: bertako abere arrazen azoka eta erakusketa, nekazal merkatu gardena eta artisau azoka. Gainera, bertaratzen direnek Gazta Txapelketa Herrikoian epaile izateko aukera izango dute. Eguerdian bertako produktuekin egindako bazkaria egingo dute eta arratsaldean aizkora txapelketa, Euskal Herriko III. mailako Txapelketarako bigarren kanporaketa, hain zuzen.

Lurramarekin harremanetan

Irurtzungo azokak eta Lurramak indarrak batu dituzte aurtengoan. Urtero Lurramak Europako eskualde jakin bateko laborariak gonbidatzen ditu sarea egiteko, eta aurten Nafarroako EHNEko Bizilur taldea gonbidatu dute. Beraz, Irurtzungo azokan parte hartuko duten nekazari eta abeltzainak daude gonbidatuak Lurraman parte hartzera. Horregatik, Irurtzungo azoka Miarritzen egingo den Lurramaren ataria izango da, eta ardatz beraren inguruan arituko dira bi azokak: klima.

Azoka mendez mende

Irurtzungo abere azokak Arakil bailarako eta kanpoko sal-erosleak erakarri izan ditu mendez mende. Lehenik hilean behin egiten zuten azoka, 1792-1921 artean bi astez behin, 1921-1945 artean hamar egunean behin eta azkenik asteartero, duela 40 urte erabat galdu zen arte. 

Eredu argi baten aldeko aldarria

Eragile hauen guztien artean antolatuko dute VII. azoka: Irurtzungo eta Arakilgo udalak, Sakanako Garapen Agentzia, Plazaola Turismo elkartea, bertako arrazen sustapenerako elkarteak, Arbaso Euskal Herriko artisauen elkartea, Belardi Sakanako ekoizleen ekimena eta EHNE-Bizilur ekimena.

Azokak laguntzen du elikaduran herritarrek hartzen dituzten eguneroko erabakiez hausnartzen

Antolatzaileek zabaldu duten oharrean nabarmentzen dute herritarren elikatzeko moduak Negutegi Efektuko Gasen emisioan duen eragina: "Herritarren emisioen %37,5 dira elikadura motaren ondorio, batez ere, dieta hau osatzen duten elikagaiak urrunetik ekartzen direlako eta hauek ekoizteko ereduak orokorroean kutsakorrak eta baliabide xahutzaileak direlako, zer esanik ez jatorrizko herrialdeetako biztanleriaren eta komunitate indegenen giza eskubideei buruz". Honen aurrean, beste bide bat badela azaldu dute: laborantza iraunkorrean diharduten inguruko ekoizleengandik elikatzea: "Nekazari hauek garaikoak eta gertukoak diren elikagaiak eskaintzen dizkigute, Lurra eta baliabide naturalak zainduz, eta landa eremuetako biztanleria mantenduz".  Azokak elikaduran herritarrek hartzen dituzten eguneroko erabakien inguruan hausnartzeko balio duela azaldu dute.

Baina politika publikoek ere nekazaritza eta abeltzaintza sostengarria sustatzen bere ardura dutela nabarmendu dute antolatzaileek, "beharrezkoak baitira politika justuak eta eraginkorrak. Hortaz, klima aldaketaren aurrean kontsumitzaile burujabe eta arduratsuak eta politika publiko eraldatzaileak behar ditugu".

"Klima aldaketari aurre egiteko, inoiz baino gehiago, laborantza iraunkorra eta elikadura burujabetza"

Praktika zehatz hauek jarri dituzte adibide: "Amazonas oihana suntsitzen ari den eta bertako komunitate indigenak zapaltzen dituen soja eta arto transgenikoez elikatutako abeltzaintza industrialaren aurrean, gure mendi eta larreetan bazkatzen duten abereen aldeko apustua egin behar dugu. Lurzorua, ur gozoa eta bioaniztasuna higatzen dituen eredu intentsibo eta kimikoaren aurka, agroekologia eta artzaintza estentsiboa. Gure itsasoak eta ingurua kutsatzen dituzten plastiko asko urrundik datozen barazki eta fruta ia-artifizialak denbora luzez kontserbatzeko pentsatuak daude. Horren aurrean, erein baratzeak herrietan, auzoetan, erosi gertuko nekazariei, babestu bertako arrazak eta galzorian dauden barietateak".

Klima aldaketari aurre egiteko "inoiz baino gehiago, laborantza iraunkorra eta elikadura burujabetza"ren garrantzia azpimarratu dute, honek bioaniztasunaren babesten duelako eta herrien biziaren alde egiten duelako.

Hona hemen azoka girotzeko egin duten bideoa: