argia.eus
INPRIMATU
Klima aldaketan duten eragina dela eta, giza eskubideak urratu dituzten enpresen inguruko lehen ikerketa egingo da
  • Erregai fosilen ekoizten dituzten enpresak eta klima aldaketa uste baino lotuagoak egon daitezke. Enpreson erantzukizuna aztertzeko abenduaren 11n abiaraziko dute ikerketa. Filipinetako Giza Eskubideen Batzordeak gidatuko du eta, besteak beste, Repsol, Shell eta Chevron enpresak daude jomugan.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2017ko abenduaren 11

Abenduaren 10 Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatzen da eta klima aldaketaren ondorioz eskubideok galdu izan dituztenei nahi die eman hitza batzordeak. Izan ere, klima aldaketaren ondorioz eman dien gertakariek zuzenean urratu dituzte hainbat herritarren giza eskubideak. Enpresen “inplikazioa” eskatu du batzordeak ikerketa ahalik eta zorrotzena izan dadin.

Yolanda tifoia 2013ko azaroan iritsi zen Filipinetara. 6.300 pertsona baino gehiago hil ziren, eta oraindik milaka lagunek pairatzen dituzte ondorioak. Hori dela eta, ausoz gertatutako gertaera hutsa izan ez zela frogatzeko, eta klima aldaketaren erantzuleak identifikatzeko ikerketa bat egitea eskatu zuten Filipinetako hainbat eragilek.  

Yeb Sañok Filipinetako Greenpeaceko zuzendaritzako kideak adierazi du erregai fosilak ekoizten dituzten enpresek ez dutela klima kutsatzeko “inongo eskubiderik”. Gainera, euren jardunagatik eta eragiten dituzten kalteengatik “ordaindu” behar dutela dio.“Oinarrizko eskubideak egoera larrian daude klima aldaketaren ondorioz. Hori dela eta, Estatuei dagozkien betebeharrak bete ditzaten eskatzen diegu. Baita enpresek duten erantzukizuna jakin dadila ere”.