argia.eus
INPRIMATU
Klima aldaketa jorratuko dute Baionako Alternatiba Egunean
  • Urriaren 6an egingo dute Alternatiba eguna Baionan. Bizi! Mugimendu altermundistak hainbat hitzaldi eta ekimen desberdin prestatu ditu. Klima aldaketaren eta beste hainbat gairen inguruko hausnarketa bultzatuko dute. Hitzaldiak euskaraz izango dira eta frantsesez direnetan itzultzaileak egongo dira Umeentzat ere tailer bereziak egongo dira.

Xuban Zubiria @xubanzubiria 2013ko irailaren 03a
Klimaren problematika herritarren agendetara itzularaztea izango dute helburu antolatzaileek. Argazkia: Bizi!

Klimaren problematika herritarren agendetara itzularaztea izango dute helburu antolatzaileek. Egun honen bidez oihartzun handia lortzea espero dutela adierazi dute, tartean ehun mintzalari inguru etorriko dira hitzaldiak ematera eta jada 150 egiturak izenpetu dute ekitaldiaren manifestua. Beren manifestu eta aldarriek Nazio Batuen Erakundeak 2015an egingo dituen Cop 21 jardunaldiak dituzte jomuga. Jardunaldi horietan jorratuko den gai nagusia klima aldaketa izango da.

Jean Noel Etxeberri Txetx Bizi! mugimenduko arduradunak "berriari adierazi dionez “planeta bakarra dugu. Ezin dugu birtualki funtzionatu, bakarrik zifrei eta oreka matematikoei begiratu”. Frantziako CNRS ikerketa zentroak klimaren gehiegizko azeleratzea 2035. urtean gertatuko dela adierazi du. Klimaren gehiegizko aldaketa honek gizartean ze eragin izango duen eta bere aurrean zer egin daitekeen jakiteko antolatu dute Alternatiba Eguna Baionan.

Ikuspegi iluna alde batera utzi eta proposamen desberdinak azaltzeko egun aproposa izango dela adierazi dute Bizitik, “milaka egitasmo daude klima aldaketa molde eraginkorrean borrokatzen dutenak. Horiek guztiak ezagutaraztea, zabaltzea eta biderkatzea izango xade”.

Stephan Hessel ere omenduko dute, egunean bertan. Bazkaria eta antzerkiak ere egingo dira. Eguna Motives eta Willis Drummond taldeen kotzertuekin amaituko da. Egitarau edo ekitaldien berri gehiago jakin nahi izan ezkero bizimugi.eu webgunean informazio gehiago emango dute.

Hemen egitarau osoa:

MINTZALDIAK

Elkarrekin, mundu hobea eraiki dezagun, erronka klimatikoari aurre eginez. Patrick Viveret filosofoa, Christophe Cassou klimatologoa eta Genevieve Azam Attaceko arduraduna.

Laborariek planeta hozten ahal dute. Mixel Berhokoirigoin (EHLG) eta Paul Nicholson (Via Campesina, EHNE).

Krisi sozial eta ekologikoaren aurrean, zein aldaketa ekonomian eta gizartean? Pierre Larrouturou ekonomista, Marc Soubitez sindikalista, Corinne Morel Darleux hautetsi eta Erradikaltasun Zehatz eta Konkretuaren Biltegiko koordinatzailea.

Euskal Herriaren desafioak: birmoldaketa ekologikoa, elikadura burujabetza eta trantsizio energikoaren aurrean. Iñaki Antiguedad geologoa, Joseba Azkarraga soziologoa eta Amaia Muñoa ELA sindikatuko kidea.

Trantsizioa abian eman, hemen eta orain. Thierry Salomon energia erabilpen eraginkorraren alde ari den NegaWatt elkarteko presidentea, Marc Therry energia estrategietan aholkulari eta hautetsia eta Patrick Sabin Escourceko (Landak) auzapeza.