“Klika” leloa aukeratu du AEK-k aurtengo Korrikarako. 21. edizioa izango da eta apirilaren 4tik 14ra bitartean zeharkatuko du Euskal Herria, Garesen hasi eta Gasteizen bukatu. Jose Luis Alvarez Enparantza “Txillardegi” omenduko du euskararen aldeko lasterketak, kulturan, euskalgintzan eta pentsamenduaren alorrean egin zituen ekarpenengatik.
Bi urtean behin AEK euskaltegien ekimenez antolatzen den euskararen aldeko lasterketa aurkeztu dute asteazken honetan. Guztira 2.000 kilometro baino gehiago egingo ditu Korrikak Euskal Herri osoan barrena.
2019ko apirilaren 4an abiatuko da Garesen (Nafarroa) eta apirilaren 14an bukatuko Gasteizen. AEK-ko ordezkariek azaldu dutenez, aurrerago ezagutaraziko dute ibilbide osoa zein izango den.
Mertxe Mujika AEK-ko koordinatzaile nagusiaren esanetan, 21. edizio honetan ere Korrikak hasierako helburuei eutsiko die: euskaltegientzat babes ekonomikoa lortzea eta euskararen aldeko jarrera bultzatzea.
“Klika” da aurtengo Korrikaren leloa eta hitz horrekin lotu dute euskararekin konpromisoa hartzea, euskara ikastea eta erabiltzea.
2019koak, gainera, euskararen normalizazioan lan garrantzitsuak egin zituen pertsona bat omentzeko ere balioko du: Jose Luis Alvarez Enparantza “Txillardegi” idazle, hizkuntzalari, politikari, ekintzaile eta pentsalaria omenduko du Korrikak. 2012an hil zen Txillardegi eta antolatzaileek nabarmendu dute Euskara Batuaren sorreran egin zuen lana.