Ahazteko edo manipulatzeko interes asko dauden arren, klaseen arteko borroka gure gizartean mantentzen da. Maiatzaren 1eko data historikoa iristear denez, komeni da gogoratzea. 135 urte igaro dira 1886an zortzi orduko lanaldia defendatzen zuen langile talde bat hil zutenetik.
Langile borroka solidarioek lortu duten arren beren aldarrikapenetako batzuk betetzea, gaur egun, beste larru batekin baina indarkeria bera erabiliz, milaka langileren odola xurgatzen jarraitzen duen Kapitala aurkitzen dugu. Hemen, Euskal Herrian, azken hilabete hauetan hainbat enpresatako eta, bereziki, Tubacexeko langileak ikusten ari gara mobilizazioetan, bi hilabete baino gehiago greban baitaude. Ezkerraldean manifestazioak egin dituzte desindustrializazioaren aurka. Gazteen langabezia %50 ingurukoa da. Banketxeek enplegua ezabatzen jarraitzen dute. Bitartean, multinazionalei uzten diegu gure enpresa arrakastatsuenak irenstea, Euskaltel kasu, diru publikoarekin sortu eta mantendu izan dena.
Testuinguru horretan lotsagarria da Iñaki Garciñuno Cebek patronaleko presidenteari entzutea “sindikatuen presioak soldata igoerak eragin” dituenez, orain “enpleguaren aurka” doazela. Eurei buruz ez du ezer esaten, izan ere, Ibex35eko enpresa kontseilariak diren heinean, milioika euro irabazten dituzte soldatetan, dietetan eta bonuetan.
Klase-borroka ez da kontzeptu zaharkitua, batzuek uste duten bezala. Gure artean dago, bizirik, eta langabezia, deslokalizazioak, prekarietatea eta gizarte-bazterketa eragiten ditu. 1886an AEBetan, 1931n Ategorrietan eta 1976an Gasteizen langileen heriotza eragin zuen klase-borroka bera da. Edo ehunka langile amiantoz hiltzea ekarri duena. Sistema kapitalistaren ondorioak dira, klase-borrokaren ondorioak! Gaur, atzo bezala.