argia.eus
INPRIMATU
Kiroldegiko aldagelak berriztatzeko hitzarmena gaztelaniaz sinatzea eskatu dio Gipuzkoako Aldundiak Elgetako Udalari
  • Ekainean udalak Aldundiko Kultura Sailera euskara hutsean bidali zuen hitzarmenaren dokumentuak, pasa den astera arte erantzunik ez duela izan adierazi du, Iraitz Lazkano Elgetako alkateak.

IƱigo Igartua @igartua19 2018ko urriaren 30a
Elgetako udaletxea. Argazkia: goiena.eus.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Elgetako Udalari herriko kiroldegiko aldagelak berriztatzeko eman beharreko 13.000 euroko diru-laguntzaren hitzarmena blokeaturik dago duela bost hilabetetatik.

PSEko Denis Itxasok gidatzen duen Kultura Sailetik nabarmendu dute hitzarmen publikoak EAEko bi hizkuntza ofizialetan sinatu behar direla eta ez dela “kapritxoz” egiten hori, Gipuzkoako herritar guztien eskubideak errespetatzeko baizik.

Aldundiaren jarrerak ordea ez du konbentzitu Elgetako Udala eta sinatzaileen bi aldeetako batek euskara hutsean egiteko eskaera eginez gero, legeak horrela jarduteko eskubidea ematen duela adierazi dute.

Iraitz Lazkano alkateak gaineratu du, Aldunditik jaso duten eskutitzean tonu “mehatxugarria” erabili dela, airean uzten baitu gaztelaniaz ere sinatu ezean diru-laguntza emango dioten. Alkateak adierazi du Elgetako herritarren batek informazioa bi hizkuntzetan jaso nahiko balu, arazorik ez legokeela.

Bi instituzioek ika-mika linguistikoan jarraitzen duten bitartean, Gipuzkoako Aldundiak kiroldegiko aldagelen berritzeko lanak finantziatzeko adosturiko diru-laguntza ordaindu gabe jarraitzen du.