Astearte honetan berrartu dute borroka. ELA, LAB eta CCOO sindikatuak desados azaldu dira Gasteizko Udalaren jarrerarekin.
Gasteizko kirol jardueren sektorean greba mugagabea hasi dute astearte honetan. Langileen ordezkaritza enpresa esleipendunarekin akordioa erdiesten saiatu den arren, enpresak muzin egin die proposamenei. Ondorioz, langileak Mendizorrotzako eta Gamarrako igerilekuen itxialdiarekin hasi dira pultsua estutzen, eta gizarte etxeetako ikastaro batzuk ere atzera bota dituzte arrazoi berberagatik.
ELA, LAB eta CCOO sindikatuek Gasteizko Udalari “lan gatazka konpontzeko borondate urria” leporatu diote. Bertako Kirol Sailak bitartekaritzarako ardura hartua zuela gogora ekarri dute, igerilekuak itxi eta zabaltzeko protokoloa eskatzeko, gehienbat. Horrez gain, kirol programazioaren baitan, ikastaro eskaintza handitzeko ere prest agertu zen udala.
Azken aldian haiekin izandako bilkurak “etsigarriak” izan direla iritzi dute langileen ordezkariek. “Ez dute prestutasunik igerilekuak behar bezala ireki eta ixteko behar den denboran minutu bakar bat ere beren gain hartzeko”. Kirol begiraleek, euren partetik, “udalak jaramonik egin ez diela” salatu dute, izan ere, kirol jardueren programazioari dagokionez, entzungorrarena egiten jarraitzen dute proposamen ororen aurrean.
Begiraleek eta sorosleek lan gatazka konpontzeko borondatea berretsi dute, izatez, abuztuaren 10etik egiten ari ziren lanuzteak bertan behera utzi zituzten. Baina beste aldea konpromisoak betetzen ari ez denez, euren interesak babesteko soka tenkatzen jarraitzea ebatzi dute, enpresak eta udala “pilota elkarri botatzen” ari baitira.