argia.eus
INPRIMATU
Kirol, bertso eta rock campusak Zenbat Gararen eskutik
  • Helburua haur eta gazteek aisialdian eta hezkuntzan euskara erabiltzeko guneak izatea da. Ekainetik iraila bitartean Gazteola ekimena abian jarriko dute, eta Bilbo inguruko gazteek giro euskaldunean kirola egin, musika landu eta olgetan aritzeko aukera izango dute.

ARGIA @argia 2014ko maiatzaren 16a
Argazkian duela urte batzuetako bertso udalekuan. Argazkia: www.gabrielaresti.com

Ez da lehenengo aldia izango aurtengo udakoa, baina bai eskaintza zabalagoa eta finkatuagoa. Bilboko Zenbat Gara elkarteak urte osoan lantzen ditu haur eta gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko jarduerak. Alabaina, ekainetik irailera bitartean eskaintza berezia eta trinkoagoa izango da. Esate baterako, kirol campusak egingo dituzte; hala nola, futbol, saskibaloi, eta pilotakoak. Kirolekoez gain bertsoarena eta ingelesarena ere egingo dituzte. Guztiak elkarlanean antolatuko dituzte, hurrenez hurren, Danok Bat futbol taldearekin, Bizkaiko Saskibaloi Federazioarekin, Bizkaiko Pilota Federazioarekin, Bertsozale Elkartearekin eta Eliot School akademiarekin arituko dira. 6 eta 19 urte arteko haur-gazteek Rock campusa probatzeko aukera ere izango dute Bilborock aretoan.

Campusez gain, udalekuak eta tailerrak izango dira aukeran: dantza udalekua, musika sorkuntza eta DJ tailerra, bideogintza tailerra, antzerki udalekuak, jolas eta kanta udalekuak. Eta klasikoak ez dira faltako, alegia, Bakaikun (Nafarroa) barnetegia egongo da eta Bilbon ikastaro trinkoak egingo dituzte.