argia.eus
INPRIMATU
Kirgizistango gazte bat da Errusiako leherketaren susmagarri nagusia
  • San Petersburgoko —Errusia— metroan astelehenean egin duten atentatuak hamalau lagun hil ditu gutxienez. 51 pertsona zaurituta daude, eta horietako lau larri daude ospitalean, Rusia Today eta Tass berri agentzien arabera.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko apirilaren 04a
Metrotik zaurituak ateratzen ari diren unea. (Arg.: RT)

Kremlineko bozeramaile Dmitry Peskovek adierazi du legearen ikuspegi zorrotzetik ezin dutela baieztatu eraso “terrorista” izan denik, baina erantsi du zantzu “nabarmenak” daudela hori pentsatzeko.

Rusia Todayk zabaldu duenez, San Petersburgoko poliziak azaldu du metrailaz inguratutako 200 eta 300 gramo arteko trinitrotoluenok eragin duela leherketa. Tass agentziaren arabera, Kirgizistango gazte bat da susmagarri nagusia. Asia erdialdeko gazte horren gorpua aurkitu dute leherketaren tokian, eta ekintza suizida bat izan dela pentsarazi die horrek. Tassek dio Asia erdialdeko eta hogei bat urteko beste bi gazteren bila dabilela polizia, leherketarekin zerikusia dutelakoan.

Leherketa hiriaren erdialdeko metroko lineetako batean gertatu da, Sennaya Plóschad eta Tejnologuícheski Institut geltokien artean. Metroa martxan zen bitartean gertatu da, eta makinistak hurrengo geltokiraino eraman behar izan du trena gelditu gabe, zaurituak eraman eta artatzeko errazagoa izan dadin.

Leherkariaz gain, eztanda egin ez duen beste bonba bat topatu du poliziak beste metro geltoki batean, su-itzalgailu batean ezkutatuta, baina ez du eztanda egin.

Jihadismoa Errusia hego-ekialdean

Azken hogei urteetan halako atentatu ugari jaso ditu Errusiak. XX. mende amaieran gatazka gogorrak izan ziren Txetxenian eta Dagestanen, eta han milizia jihadistak ugari zabaldu ziren. Gerra horiek amaitu baziren ere, Kaukasotik eta Errusia hego-ekialdeko eskualde musulmanetatik etorritako milizia jihadista horien jarduna ez da inoiz ere guztiz itzali, eta azken urteetan eraso ugari egin dituzte  herrialdeko hiri handietan.