Faith Chepngetich Kipyegon keniarrak 1.500 metroko atletismo proba irabazi zuen larunbatean, Paris 2024ko azken-aurreko egunean, bigarren emakumezkoa bilakatuz historian atletismoan urrezko hiru domina olinpiko erreskadan lortu dituena. Gauzatxo bati ere erreparatu diezaiokegu Chepngetich eta Kipyegon izen horietan. Atletismoko dominetan eta lehen postuetan, joko hauetan zein beste atletismo aukera handi guztietan ikusten ditugun aurrizki antroponimiko ezagun batzuk daude: Chep- eta Kip- izenak (batzuetan Jep-, Ki- edo Che-) nagusi dira luzerako hainbat lasterketatan. Norenak dira? Kalenjin herrien izenak dira eta esanahi zehatzak dituzte.
Iragan berri diren Olinpiar Jokoetan dominadunak izan dira adibidez Kipyegon, Kibiwot, Chebet, Cheptegei, Cherotich, Chemutai...
Beste proba batzuetan ezagutu ditugu Kimutai, Kiprotich, Kipketer, Kibet, Chepchirchir eta Jepchirchir, eta kasu bakoitzean atleta bikain baino gehiago izen bakoitzarekin.
Izen hauek dituztenak gehienak Keniakoak dira, baina asko Ugandakoak ere bai. Kalenjinak dira, Kenian izen horrekin eta beste azpi-talde batzuekin izenekin ezagunak, eta Ugandako kasuan Sebei etniakoak: talde txikia Ugandan, Keniako mugan bizi direnak, baina besteen kidekoak hizkuntzaz eta, bistan denez, gaitasun atletikoetan.
Izenei dagokienez, tradizionalki, jaiotzean pertsona bati izen pertsonala (ponte-izena esan dezakegu) eman izan zaizkie izen hauek jaiotako egoeraren arabera zehazten da. Kalenjin hiztun komunitate gehienetan, izen maskulinoak Kip- edo Ki- rekin aurrizkiz hasi ohi dira. Aldiz, izen femeninoak Chep- edo Che- aurrizkiekin (-Jep ere bai) hasten dira.
Pertsonaren izena, beraz, jaiotzearen inguruabarraren deskribapenari dagokion aurrizkia gehituz eratorriko litzateke. Adibidez egunsentia baino lehentxoago (korir) jaiotako haurrari Kipkorir edo Chepkorir deitu dakioke. Koech da egunsentia, eta hortaz, Kipkoech eta Chepkoech egunsentiarekin bat jaiotako mutikoa eta neskatoa dira. Chepchirchir izen zoragarriak esan nahi du erditze azkar-azkarrean jaiotako neska, berez.
Dena dela salbuespenak daude bi kasuetan (mutilak Chep- izenarekin eta neskak Kip- hasierarekin), segun eta talde etnikoak edo hizkuntza-aldaerak (dialektoak). Emandako izen hauek deitura bilakatu dira kasu askotan gainera, izen-abizenen nazioarteko identifikazio moldeetara hurbildu direlarik Kalenjinen herrialdeetako burokraziak. Hortaz Kipkorir bat izan daiteke 21. mendean neska edo mutil bat, arbasoren baten izenetik jaso duena deitura.
Hain zuzen ere, Faith Chepngetich Kipyegon txapeldunaren kasuak horrelakoa dirudi: Faith ponte-izen kristaua, Chepngetich emandako izen kalenjina, eta Kipyegon aitaren abizena, Samuel Kipyegon baiteritzo aitari (atleta hura ere).
Gehiago jakiteko, Kalenjin izenak Wikipedian.