argia.eus
INPRIMATU
Klimaren aldeko protestek Macron jo dute errudun
  • Bihar, larunbatean, deituta daude mobilizazio jendetsuenak. Ikasleek eskola eguna bertan behera utziz hasitako protestei segida emanen diote herritarrek, mobilizazio zabalekin.

Mikel Asurmendi @masurmendi 2019ko martxoaren 15a
Argazkia: Philippe Wojazer

Klimaren gaiak zeru-sapaia jo du. Krisia gero eta larriagoa da, argi gorria gori-goria da. Bizi! mugimenduak “mendeko afera” gisa izendatua du aspaldi. ANV-COP21 mugimenduarekin batera. Frantziako Gobernuari adierazi diote enegarrenez politika aldatzeko. Macronen gobernuak ez duela klimaren politika aldatuko berretsi du behin baino gehiagotan.

Bizi!-ren hitzetan klima gaiaren inguruan gobernuen diskurtso faltsuek nahasten dute jendearen gogoa. Muturreko egoerara iristen ari da planeta, neurri zorrotzak ezarri ezean, berotegi efektuak gero eta zuzenagoa eragiten du gure bizitzan. Eguraldiaren aldaketa bat-batekoak bizi ditugu egunero. Planetaren geruzaren beroketa +1,5°C pean mantentzea gero eta zailagoa da. Bioaniztasuna ez da behar bezala babesten ari, eta espezieen desagertzea gero eta agerikoa da.

Zein dira neurriak? Bada, klimaren aldeko politikak eraginkorrak indarrean ezartzea. Bizi!-k, adibidez, garraioen eta mugikortasunen politika eraginkorrak indarrean jartzea begi onez ikusten du, baina taxuz jarriz gero. Macronen politika ele hutsez beteta omen dago, beren ustean, berotegi efektua ez da gutxituko hitz eta pitz arituz, erabaki zehatzak hartuz baizik.  

Ipar Euskal Herrian, konparazione, Lapurdi kostaldean bereziki garraio politikak zuzen jotzen du klima jasaten ari den erasoaren aurka:

– Biarritzeko aireportuaren jarduera etengabe handitzen ari da.

– SNCFaren merkantzien garraitzeko gaitasuna gero eta mugatuagoa da. Burdinbidea zaharkitua da, tren eta trenbideek emisio gero eta kutsakorragoa aireratzen dute.

– Tram’bus delakoak ez du “bide propio”-rik. Ibilbidea zatiz zati egiten du, nekez, bide hori autobus zaharrek erabiltzen baitute. Autoek segitzen dute izaten mugitzeko ibilgailu nagusia.

Mugimendu ekologistaren ustez, trena ez da behar bezala egokitua izan, ezta garraio publikoa ere. Bizikletaren aldeko azpiegiturak mugatuta daude “Bizikleta, trenak, tren bidezko merkantzia garraioa, autobus-bide bereziak: aldaketa masiboak nahi ditugu, orain!”, aldarrikatzen du Bizi!-k

Bizi eta ANV-COP21 mugimenduek ez dute Gobernuaren politika soilik kritikatzen bere praktikengatik, ostera ere, bere programan idatzia duena ez duelako betetzen baizik.   

Macronen Gobernuak Jaka Horiak direla eta, baita mmigratzaileen egoera dela, ezker-eskuin, tokian tokiko foroetan eta hedabideetan “eztabaidak” sustatzen ditu. Eta itxura batez, herritarrak gaien larritasunetik desbideratzen lortzen ari da

Emmanuel Macron presidentea populazioaren %65en sostengua izatetik, %20era jaitsi zen. Azken hiru hilabetetan, berriz, bere propaganda politika dela medio herritarren %20 berreskuratu du. Macron presidentea izendatua izan zeneko atxikimendua berreskuratu nahi du kosta ala kosta. Bere politikak era berean mantenduz, aldez edo moldez.