argia.eus
INPRIMATU
Kim Jong-un eta Donald Trumpek egindako bileran adierazpen bateratua sinatu dute
  • Penintsula korearraren desnuklearizazioa bultzatzeko xedea dauka adierazpenak.

ARGIA @argia 2018ko ekainaren 12a
(Argazkia: Evan Vucci /AP)

Elkarri gerra mehatxuak egitetik lagunkoi agertzera igaro dira Ipar Koreako presidente Kim Jong-un eta AEBetako presidente Donald Trump. Bi herrialdeen arteko lehen bilera izan da Singapurreko Sentosa irlan burutu dutena. “Harreman oso berezia” lortzen ari direla adierazi du Trumpek, eta sinatutako akordioa “historikotzat” jo du Jong-unek. "Mundua aldaketa handi baten lekuko izango da", adierazi du ipar korearrak.

Sinatu duten adierazpenak bi ardatz nagusi ditu. Batetik, penintsularen desnuklearizazioa burutuko duela hitz eman du Ipar Koreak. Eta bestetik, Ipar Koreari “segurtasun bermeak” eskaintzera konprometitu dira AEBak. Koreako Guda (1950-1953) ere izan dute hizpide, gerrako presoen eta garai horretan desagertutakoen gorpuzkiak berreskuratzea adostuz.

Akordioan jaso dutenez, AEBetako Estatuko idazkari Mike Pompeo “ahalik eta azkarren” bilduko da Ipar Koreako kargu altuko funtzionario batekin, negoziaketarekin jarraitzeko. Negoziaketak ardatz izango ditu "bi herrialdeen bake eta oparotasun nahiei jarraiki AEBen eta Ipar Korearen arteko harreman berriak eratzeko konpromisoa”, “Koreako penintsulan bake erregimen iraunkor eta egonkor bat eraikitzeko ahaleginak batzea”, edota desnuklearizazioari bide ematera konprometituz Pyongyangek egindako “Panmunjoneko adierazpena berrestea”.

Akordioa sinatu eta gutxira, desnuklearizazio prozesuari “epe motzean” ekingo zaiola adierazi du Trumpek, eta jakinarazi du AEBek “guda jokoak” etengo dituela Koreako penintsulan, naiz eta Ipar Koreari ezarritako zigorrak bere horretan mantenduko diren. Hego Korean zehar daukan hedapen militarrari dagokionez, momentuz berau murrizteko asmorik ez duela jakinarazi du.