argia.eus
INPRIMATU
Kilometroak txikia egingo dute Amasan, Villabonan eta Zizurkilen
  • Kilometroak 2020 festa nagusia urrian izango bada ere, ikastola buru-belarri ari da urte osorako ekintzak antolatzen. Ekintza horietako bat Kilometroak txikia jaia izango da, eta igandean egingo dute, eskualdea girotzen hasteko.

Tolosaldeko Ataria @tolosaldeataria 2020ko urtarrilaren 24a

Egun horretan, hiru gunetan elkartuko dira, eta haur, gazte eta helduek elkartuta talde bana osatuko dute gune bakoitzean. "Korri, punpa, ttak; Amasa, Villabona, Zizurkil. Hiru abiapuntu eta hiru talde", esan dute antolatzaileek.

Hiru guneetako taldeek, musika lagun dutela, Altxorraren bila jolasa egingo dute Zizurkilgo Joxe Arregi plazarako bidean, eta jolas horren bidez aurkitutako altxorrak elkartuz irudi bat osatuko dute guztiok, elkarrekin auzolanean, Zizurkilen egingo den ekitaldian.

Bideetan, ordea, arrastoa utzi nahi dute, eta hiru taldeek horma-irudi bana inauguratuko dute ibilbidean, urriko jaiaren iragarle.

Ondoren, musikariekin eta buruhandi eta erraldoiekin batera, Villabonako plazara hurbilduko dira. Abenduan pintxo-tertulia bat egin zuten aitona-amonekin, eta umetan zertan jolasten ziren kontatu zuten adinekoek. Hain zuzen ere, jolas horiek hurrengo belaunaldiei transmititzeko helburuarekin, plazan jolasean ibiliko dira, ume, gazte, heldu, guztiok elkarrekin, aitona-amonen jakintza herritar guztiekin partekatzeko.

Zapiak salgai

Ekimen hau osatzeko, Kilometroak 20 jaiaren lepoko zapiak jarri dira salgai, 3 euroan. Kilometroak dendan eskuratu daitezke. Egun horretan lepokoak jantzita ibiliko dira, eta hortik aurrera, etxeko leiho eta balkoietan zintzilikatuko dituzte, herria apaintzeko eta Gipuzkoako ikastolen hurrengo jaia Zubimusu ikastolak antolatuko duela lau haizetara zabaltzeko.