argia.eus
INPRIMATU
Kilometroak jai parte-hartzailea egin dute Ibarran
  • Kilometroak Ibarran ospatu dute urriaren 2an, "Irribarra" lemapean. Aurtengoaren berezitasuna izan da eremuak ez dituztela adinka bereizi eta ez dela kontzertuen gune bakar bat izendatu, eta jolas zein kirol aukera zabala izan dela. Horrekin, festa giro parte-hartzailea nagusitzea nahi zuten, jai handiek duten alkohol kutsuaren gainetik; eta antolatzaileek nabarmendu dute helburu hori bete dutela. "Aro berriko Kilometroak" izan dela adierazi dute. Bertan bildu duten dirua Uzturpe ikastolaren patioa eraberritzeko erabiliko dute. Hurrengo Kilometroak Oreretan izango da.

ARGIA @argia 2022ko urriaren 03a
Argazkia: Tolosaldeko Ataria.

Lau gune prestatu ditu aurtengoan Kilometroak jaia hartu duen Ibarrako ikastolak. Azken urteetan jai eredua birplanteatzeko egin duten lanketari jarraituta, aurtengoaren ezaugarria izan da guneak ez dituztela "tematikoki" edo "adinaren arabera" banatu, eta gune guztietan egon dela aukera musikaz eta gastronomiaz gozatzeko. Oso gustura agertu zen Kilometroak jaiaren koordinatzaile orokorra den Mikel Egibar, Ibarran egin zen festarekin: "Pandemia zela eta, 2020an Amasa-Villabona-Zizurkilen antolatu nahi genuen eredu berrian oinarritutako jaia ez zen guztiz horrela izan. Gaurkoan, aldiz, bete-betean asmatu dugu”.

Kilometroak jaiaren antolatzaileek adierazi dutenez, "gazte ugari bildu zen, baina sasoi bateko 'kilolitro'ren arrastorik ez. Larrialdietako taldeak parterik eman ez izanak inpresio hori indartu zuen". “Ohiko guneak desagerraraztea eta jendea mugiaraztea klabea izan dela uste dut. Jendea elkarrekin ikusi dut: familiak, gazteak eta helduak... denak. Huraxe zen, hain justu, gaur ikustea espero nuena”, zioen Usue Sukia Ibarrako ikastolako buruetako bat denak, jasoketa lanetan ari zela.

Sormena, ardatzetako bat

"Sormena" zuen izena gune batek: bertan, tailerrak egin dituzte, eskultura erakusketa, eta bertsotan aritzeko zein zirkuko akrobaziak egiteko aukera.

"Baso magikoa" ere muntatu zuten frontoi ondoan: 30 txanda egin zituzten egunean zehar eta pertsonaia bereziek egin zieten agurra gerturatutakoei; ondoren ipuinez, fantasiaz, eta irudimenaz gozatu zuten.

Baso magikoa. Argazkia: Tolosaldeko Ataria.
Erronkan 300 gazte eta etxeko taldea garaile

Jolas eta joko eskaintza zabala egon zen: eskalada, trial bizikleten zirkuitua, puzgarriak, jolas libreak... eta azken urteetako Kilometroetan egin izan den Erronka, zeinetan Gipuzkoako 19 ikastolek hartu zuten parte (300 gazte guztira). Etxeko taldeak irabazi zuen erronka eta berak eskuratu ditu jokoan zeuden 1.000 euroak. Bigarren eta hirugarren postuak partekatu egin dituzte, Arizmendi eta Orereta ikastolek berdinketa egin baitzuten, eta bien artean banatuko dituzten 500 eta 300 euroak.

Argazkia: Tolosaldeko Ataria.
Euskal musikaren ibilbidea

Musika eskaintza zabala egon zen, baina ez gune batean konzentratuta. Bazkalostean Distopia elektrotxarangaren atzetik ibili ziren Ibarran barrena, Gabezin taldeak ikastolan jo zuen, Andoni Ollokiegik musika jarri zuen Azkue plazan, Nikotinak reggae erritmoa jarri zuen plaza nagusian eta Duplak eman zuen azken kontzertua Emeterio Arresen.

Oilaskoa eta piperrak

Gastronomia ere kontuan hartu dute antolatzaileek, "bertako produktuei balioa emateko". 800 lagunentzako paella eta Lumagorri oilaskoa prestatu zituzten eta herriko plazan Ibarra herriari oso lotua den piperrak bere gunea izan zuen.

Hona hemen Tolosaldeko Atariak Ibarrako Kilometroak jaiaz osatu dituen kronikak, argazkiak eta artikuluak.