argia.eus
INPRIMATU
Kilo bat sagar 12 xentimotan... Nork ostu ditu fruituak?
  • EHNE sindikatuaren Ardatza hilabetekarian Nafarroako fruitu ekoizleek salatu dute 2014a izan dela alor horrentzako aspaldiko urterik gaiztoena. Ezin dute ulertu zergatik ordaintzen zaien ekoiztea kostatzen zaiena baino merkeago.

ARGIA @argia 2015eko urtarrilaren 26a
Golden sagarrak zuhaitz ondoan 12 zentimotan. Komertzioan... (Argazkia: Satdrupo)

Nafarroako Erriberako baserritarrak ziur daude urteotan fruituz kargaturik eduki dituzten arbolak barietate onenetakoak direla, merkatuan gehien kotizatzen direnetakoak, lehiakorrak direla... eta hala ere ezin saldurik ibili dira. Orain, ordea, buru-makur ari dira neguko kimaketa lanetan. "Nor ari zaigu lapurretan?" deklaratu dio Ardatzari Sartagudako Carlos Espinosak.

Kilo bat Golden sagar 12 zentimo pagatu zaie, Conferencia madaria 22-24 zentimo. Prezio horiekin laborariek ezin dituzte kostoak ere berdindu.

Eta gero komertzioetan ikusten dutenean zein preziotan dauden salgai... "Guri lotsagarrikeria pagatzen digute eta kontsumitzaileei kiloa 2 edo 3 eurotan kobratzen. Prezio horiekin herritarren artean ere ez da asko sustatzen kontsumoa".

EHNE barne daukan COAG sindikatuen konfederazioak kalkulatu du baserritarrari ordainduaren eta kaletarrari kobratuaren artean prezioa %727 garestitzen dela. "Merkaturatze sarean bada gremioren bat inolako lotsarik gabe aberasten ari dena".