argia.eus
INPRIMATU
Kilian Jornet atleta, Kataluniaren independentziaz: “Desberdintasunei eraso egitea hanka-sartzea da”
  • Kilian Jornet mendi lasterkari katalan ezagunak El Paísi adierazi dionez, Katalunian independentismoak gora egin du jendeak politikarien azken urteotako noraezak ez dutelako gustuko.

ARGIA @argia 2014ko martxoaren 14a
Kilian Jornet korrikalari katalana. Argazkia: www.sport.es.

Zehazki, jarraian euskaratu ditugun galdera-erantzunetan eman du Kataluniako prozesuaz bere iritzia Jornetek:

Katalunian dagoen tentsio independentistak kezkatzen al zaitu?

Tira, independentismoak gora egin du azken urteotako noraeza errefusatzen delako. Gure herrialdeko politikak munduko errealitatetik kanpo geratu dira. Askok ez dute egitasmo horretan parte hartu nahi.

Gaur egungo arazoak ez al dauka zerikusirik nazionalisten nolabaiteko eskuzabaltasun faltarekin? Artur Mas aurrena izan zen ongizate estatuari murrizketak ezartzen, eta gertatutakoak gertatuta, badirudi arazorik ez izateko ihes egitea erabaki duela, kontua gordin dagoenean.

Benetako eztabaida ez da independentismoa, nolako gizarte globala eraiki nahi den Espainian, Katalunian edo Europan baizik. Ezin da tokian tokikoaz pentsatu, mundu mailakoaz baizik. Desberdintasunei eraso egitea ere hanka-sartzea da. Arbuioa eragiten du. Trantsizioko hainbat kontuk bezala. Gauza asko ez ziren aintzakotzat hartu; hainbeste traumaren artean, ez zen erraza egun batetik bestera lagunak izatea. Ez zait ondo iruditzen frankismoaren edo Falangearen ikurrak erakustea; Alemanian jazarriak dira, nazismoari dagokionez. Ona eta gaizkia existitzen dira. Trantsizioa praktikoa izan zen, baina ahaztu ezin diren traumek irauten dute. Herrialde serioek iragan hori kitatu dute. Nik ez dut gogoko horren zati izatea, lotsa ematen dit, are gehiago kanpoan bizita.

Informazio gehiago:

ARGIArekin ere hitz egin zuen Kilian Jornetek 2.390. zenbakian. Irakurri elkarrizketa osorik: "Korrika zoazela lo geratzea ez da zaila, 40 ordu daramatzazunean".