argia.eus
INPRIMATU
Kike Diaz de Rada hil da, aktore, antzerki zuzendari eta idazle donostiarra
  • 64 urterekin, Kike Diaz de Rada donostiarra hil da, Eneko Olasagasti lankideak asteazken arratsean sare sozialetan jakinarazi duenez. Ibilbide luzeko aktorea izan zen eta Tanttaka teatroaren eta Orain gipuzkoar antzerki taldearen sortzaileetako bat.

Julen Ugartemendia Carcedo 2024ko ekainaren 20a

Antzerkian lorpen handiak egin zituen Diaz de Radak. 1983. urtean Tanttaka teatroaren sortzaileetako bat izan zen. 1996. urtean El Florido Pensil antzezlan ezaguna estreinatu zuten, eta horrek Tanttaka erreferentziazko-konpainia gisa kokatu zuen. “Gerraosteko Espainian nagusi izan zen hezkuntza-sistemaren basakeria zentzugabe eta ilogikoaren mende zeuden mutil koadrila baten gertakariak” antzeztu zituzten lan hartan, Tanttakaren web-orrian jasoa dutenez. Orain gipuzkoar antzerki taldearen sortzaileetako bat ere izan zen.

Telebistan ere saio ugaritan lan egin zuen. Euskal Herrian, ETBko Ertzainak, Mugaldekoak edota Mi Querido Klikowsky telesailetan parte hartu zuen donostiarrak. Espainiako Estatuan, Aquí no hay quien viva, Cuentame edota Hospital Central telesailetan egin zuen lan. Ondorengo filmeetan ere parte hartu zuen, batzuk aipatzearren: 27 ordu, Kutsidazu bidea, Ixabel, Yoyes edo Sabin. Wikipedian bere lan guztiak zerrendatuta kontsulta daitezke.

Sariak ere eskuratu zituen egindako lanagatik, horien artean bere jaioterriko Donostiako aktore onenaren saria.