Ostegunean El Correo egunkarian hainbat adierazpen egin zituzten Cabacas auzian inputatuta dauden ertzain batek eta ofizialorde batek. Iñigo Cabacas hil zuten egunean bertan zeuden beste ertzain batzuk salatu dituzte, "gezurra esateagatik". Cabacasen familiak polizia-agente hauek berriro deklaratzea eskatu du, Gara egunkariak azaldu duenez.
Iñigo Cabacas auzian hiru ertzain eta beste hiru ofizialorde daude inputatuta. Azken hauek furgoneten ardurapean zeuden. Hiru ertzainek egun hartan gomazko pilotak jaurti zituztela onartu zuten eta ostegunean El Correon esan zutenez, “Cabacasen aurka tiro egin zuen kidea ez dago inputatuta”.
Ertzain eta ofizialorde hauen esanetan, eurek egia esan eta gero beste lankideek “isiltasun ituna” mantendu dute eta ondorioz, “patata beroa irentsi” behar izan dute.
Jone Goirizelaia familiaren abokatuak ertzain hauek berriro deklaratzeko eskatu du, epaiketa zabalago batean.