argia.eus
INPRIMATU
Khmer Gorrien bi buruzagi bizi osorako zigortu dituzte Kanbodian
  • Khmer Gorrien buruzagi izandako 88 urteko Nuon Chea eta 83ko Khieu Samphan bizi osoko kartzela zigorrera kondenatu dituzte. Gizateriaren aurkako krimenak egotzi dizkie Kanbodiako auzitegiak. 1975-1979 bitartean, Kanputxean 1,7 miloi hildako utzi zituen erregimen maoistaren aurka abiatu den epaiketaren lehen sententzia da.

Itziar Ugarte Irizar @itzugarte 2014ko abuztuaren 07a
Khmer Gorrien aurka abiatu den prozesuaren lehen sententzia da. Irudian, Nuon Chea Kanbodiako auzitegian deklaratzen.

Erakundeko “ideologoa” eta “bigarren burua” dira zigortuak. Nil Nonn epaileak, besteak beste, gizateriaren aurkako krimen, hilketa, jazarpen politiko eta desagerpenen errudun jo ditu. Milioika pertsona biztanleria zibilaren aurkako “eraso global eta sistematikoaren” biktima izan zirela adierazi du sententziaren irakurketan.

Khmer Gorrien agintari ohien aurkako prozesuaren lehen faseko epaia izan da. Phnom Penheko ebakuazioa epaitzen hasi dira, baita hildako soldadu errepublikanoen auzia eta landa-eremuetara egindako deportazio masiboa ere.

Defentsa abokatuak argudiatu du AEBen bonbardaketen arriskuagatik eta elikagai eskasiagatik agindu zutela hiria hustea. Epaileak arrazoiketa baztertu eta krimenaren erantzule egin ditu. Abokatuek “bidegabetzat” jo dute epaia eta auzipetuek helegitea aurkeztu dezakete.

2002an hasi zen Nazio Batuen Erakundeak eta Phnom Penheko gobernuak elkarlanean bultzatutako ezohiko auzitegia Khmer Gorrien sarraskia epaitzen, biktimei justizia bermatzeko.

1,7 miloi hildako lau urtean

1975 eta 1979 urte bitartean, Kanputxean indarrez erregimen maoista ezartzen saiatu ziren Khmer Gorriak, 1,7 milioi hildako utziz.

Hiriko bizimodua desagerrarazi asmoz, biztanleria landa-eremuetan eraikitako kanpamenduetan bizitzera behartu zuten. Besteak beste, dirua deuseztatu eta “gizarte zaharra” deitzen zutenarekin bukatzen ahalegindu ziren.