Khalid El Haddadi, Rifeko ekintzailea eta datozen udal hauteskundeetan EH Bilduk Bilbon aurkeztu duen zerrendako kidea Bizkaiko hiriburura itzuli da epaileak baldintzapean aske utzi ostean. Bere amaren hiletara zihoala Marokoko segurtasun indarrek atxilotu zuten, muga igarotzerakoan.
Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak jakinarazi zuenez, Marokoko segurtasun indarrek, muga zeharkatu bezain laster atxilotu zuten. Haddadik bere amaren hiletara joateko bidaiatu du Marokora. Izan ere, pasa den ostiralean hil zen Haddadiren ama, eta Alhucemas herrira bidean zihoan.
Gazte magrebtarrak Espainian legez kanpo sartzen dituen talde bateko kide izatea leporatu diote eta haren kontrako salaketa ezezagun batek jarri du. Kasua daraman epaileak baldintzapean aske uztea erabaki du eta ez dio pasaportea kendu, ezta Marokotik ateratzeko debekurik ezarri ere. Beraz, familiarekin egon ostean Bilbora itzuli da.
Khalid El Haddadi Rifeko ekintzailea da. Bilbo Zaharrean bizi da 90eko hamarkadaz geroztik eta ezaguna da hirian San Frantzisko auzoko Berebar jatetxeaz arduratzen delako. Horrez gain, pasa den astean aurkeztu zuten EH Bilduren zerrendako kide da maiatzeko udal hauteskundeetarako.
Albiste hau Uriolak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.