argia.eus
INPRIMATU
Txinan sei lagun hil dituen koronabirusarekin kezkatu behar al luke munduak?
  • Txinako autoritateek asteartean seira igo dute koronabirus berriarekin hildakoen kopurua, eta 304ra kutsatuena. Birusa pertsonatik pertsonara kutsa daitekeela ondorioztatu eta planetan zabaltzeko beldur dira adituak, The Guardianen artikulu honetan irakur daitekeenez. Jarraian artikulu honen izen bera daraman eta Sarah Boseley osasun saileko editoreak idatzitako galde-erantzunak euskaratuta irakurgai.

ARGIA @argia 2020ko urtarrilaren 21

Zein da Wuhanen gaixotasuna eragiten duen birusa?

Koronabirus berri bat da, hau da, aurretik inoiz aurkitu ez zen koronabirusen familiako kidea. Beste koronabirus batzuk bezala, animaliengandik edo, beharbada, itsaskietatik dator. Gaitzarekin kutsatu diren askok maiz egiten zuten lan edo erosten zuten Huananeko itsaskien merkatuan, Txinako hiriaren erdigunean. Birus berriak, oro har, animalia-ostatuetan sortzen dira. Ebola eta gripea adibide dira.

Zein dira Wuhango koronabirusak eragindako sintomak?

Birusak pneumonia eragiten du. Txostenen arabera, gaixotu direnek eztula, sukarra eta arnasa hartzeko zailtasunak izaten dituzte. Pneumonia birala denez, antibiotikoek ez dute balio. Botika antibiralak erabil daitezke, baina gehienetan sintomen larritasuna murriztu besterik ez dute egiten. Pertsonak ospitaleratzen badituzte, arnas hartzeko laguntza eta likidoak jaso ditzakete. Errekuperazioa bere immunitate sistemaren sendotasunaren araberakoa izango da. Jakina da gaitz honek jota hil direnek osasun txarra zutela aurretik ere.

Birusa pertsona batetik bestera transmititzen da?

Txinako Osasun Batzorde Nazionalak Guangdong probintzian izandako bi infekzio kasutan pertsonatik pertsonara transmitu dela baieztatu du, baina ez dirudi erraz gertatzen denik. Urtarrilaren 21era arte, 217 kasu eta lau heriotza aitortu zituzten Txinako agintariek. College Inperialeko adituek egindako iragarpenek 1.700 kasu baino gehiago egon daitezkeela iradoki du. Arinak direnak agian ez dira inolaz ere detektatzen.

Oso kezkatuta al daude adituak?

Beldur dira koronabirusa pertsonaz pertsona hedatuko ote den hilabete honen amaieran. Izan ere, Txinako urte berriko oporretan, milioika pertsona beren etxeetara joango dira ospakizunetara. Oraingoz, badirudi osasun txarra duten pertsonek dutela arriskurik handiena, gripearen kasuetan izan ohi den bezala. Baina agintariak hedapena geldiarazi nahi dute, birusa orain arte dirudiena baino indartsuago bihur ez dadin.