Euskadi Irratiko Faktoria saioan elkarrizketatu dute astelehen goizean Manu Narvaez Donostiako Turismo Elkarteko zuzendaria. Turismoaren Munduko Erakundeak asteazkenetik ostiralera egingo duen goi bileraren harira, ekitaldiak hirian izan dezakeen eragina izan du ardatz solasaldiak.
Bizitza Da Handiena astebeteko kanpaina, besteak beste, egungo turismo ereduaren aurka agertu da. Jarraian lehen ekimena egin zutenean turismo ereduaz egin zuten aipamena:
“Horren adibidea da 78ko Euskal Erregimeneko indar politikoek inposatu nahi diguten turismo eredu suntsitzailea. Turismo politika horren aurka hainbat herri ekimen garatu genituen Donostian joan den urtean eta zein izan da herri protesta horren aurrean instituzioek emaniko erantzuna? Batetik, hotel bat okupatu zuten 20 bat gazte donostiar auziperatu dituzte; bestetik, herritarrak zigortzeko isunak iristen hasi dira; eta, azkenik, inolako lotsarik gabe, agintariek diru publikoa xahutuko dute Turismoaren Munduko Erakundearen batzarra Donostian antolatuz. Herritarrez trufatu dira berriro ere. Eskandalu bat da. Nola ulertu horrelako jokabide arduragabea Donostian, hain justu turismoak itota duen gure hirian?”
Narvaezek onartu du egitasmoak kezkatzen duela, eta kanpainako ekintzaileei galdegin die zein den haiek aldarrikatzen duten turismo eredua.
Donostiako turismo eredua ZeroKM filosofiaren baitan sartzen dela nabarmendu du Narbaezek. Hau da, turismo egituraren %88 “bertakotik bertakoentzat” egina dagoela: “Hotelen jabeak hemengoak dira eta hostalaritzan oso frankizia gutxi daude”.
Gastronomiak gurean duen indarrak hostalaritzarentzat ez ezik ekoizle txikientzat ere mesedegarria dela dio. “Kasu askotan, tabernetako tomateak Igeldoko ekoizlearenak dira”. Bertakoei bizitza ematen diela esan du Donostiako Turismo Elkarteko zuzendariak, eta hori baino hoberik ez dagoela ezer.