"Egoera txarra baino txarragoa bizitzera" preparatzeko deia luzatu die afrikarrei Munduko Osasun Erakundeko (MOE) zuzendari Tedros Adhanom Ghebreyesusek. Koronabirusa hedatuz doa kontinente guztian zehar eta gaur egun 54 herrietatik 37tan daude pertsona kutsatuak. Prebentziorako baliabideak eskas ukanki eta osasun sistema kaskarragatik, egoera laster okertuko dela diote osasun arloko aditu askok.
Gertatu daitekeen sarraskiaz ohartarazteko konparaketa bat egiten dio Augustin Augier Alima deitu Gobernuz Kanpoko Erakundeko ordezkariak Marianne komunikabideko kazetariari: “Frantziako ospitaleetan zazpi ohe dauzkagu 1.000 herritarrentzako, 0,3 dauzkagu Mendebaldeko Afrikan. Frantzian 50 mediku dauzkagu 15.000 biztanlerentzat, bakarra dago 15.000rentzat Burkina Fason. Frantziako osasun sistema bikoiztu behar litzateke koronabirusaz gutxi-asko gogorki kutsatutakoen arta segurtzeko. Hemen 50 aldiz biderkatu behar litzateke”. %10 arteko heriotz-tasa eta "erizainen kutsatze izugarria” aurreikusten ditu Ebolaren birusaren deskubritzaileen artean den Jean-Jacques Muyembe Tanfum mediku kongoarrak.
Koronabirusaren kontrako politika hiru zutabetan banaturik dauka Afrikar Batasunaren Eritasunen Prebentzio eta Kontrolarako Erakundeak: Prebentzioa, heriotzen mugatzea eta sarraski sozialen saihestea. Baina, lehen zutabeak ditu beste biak segurtatuko. Horregatik dabiltza prebentzioaren atalean ahal bezain bat eragiten.
Osasun sistema kaskarra daukate Afrikako estatu gehienek eta horrek kezka areagotzen die osasun arloko arduradunei. Dakitelako kutsatutakoen kopurua emendatuz gero, gaindituak izanen direla eta egoera kontrola ezina izango dutela. Kontinenteko arta sistema onena duen Hego Afrikak ere ez luke jakingo erantzuten epidemiari, Matshidiso Moeti Afrikarentzako MOEko ordezkariak Le Monde egunkariari azaldu dionaren arabera.
Hori horrela, prebentzio neurriak hartzen dabiltza geroz eta herri gehiago. Baina hori ere zaila zaie: maskak, koronabirusaren detekzio testak, eskuak garbitzeko ura zein soluzio hidroalkoholikoak eskas dituztelako. Otsaila arte Covid-19 diagnostikatzeko bi laborategi zeuden Afrikan –bata Senegalen eta bestea Hego Afrikan–. Epidemia aurreikusirik, biderkatu dituzte zentroak eta gaur egun berrogei bat daude. Hainbat herrik dituzte ikastetxeak zein otoitz lekuak hetsirik edota garraio publikoetan pertsona kopuruak mugaturik. Mugak hesten dabiltza ere hainbat Estatu.