argia.eus
INPRIMATU
Kexa Poteoa Arrasaten, osasun arreta euskaraz eskatzeko
  • Jai zale tabernan “bulegoa” prestatuko dute. Kexa eta iruzkin ereduak prestatuta izango dituzte, besteak beste Elebideri eta Behatokiari bidaltzeko.

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2015eko martxoaren 13a
Osakidetzari kexak bideratzeko bideak erraztuko dituzte poteoaren antolatzaileek.

Tabernan elkartuko diren gazteek eta mediku-erizainek "kexa poteoa" deitu diote ekintzari. Osakidetzan hizkuntza eskubideak errespetatu daitezen ezarri beharreko kexak ahalik eta errazen egitea da haien helburua. Martxoaren 13an 14:00etatik 19:30era bitartean herriko kaleetan dabiltzanek Jai zale tabernatik pasa eta kexa orriak betetzeko aukera izango dute.

Menu zabala prestatu dute poteoaren antolatzaileek. Kexa eta iruzkin ereduak idatzita dauzkate odol analisiak euskaraz eskatu nahi badituzu, edo historia klinikoa euskaratzea nahi baduzu. Osasun arreta maila guztietan (mediku espezialistak ere bai) euskaraz izatea nahi baduzu kexa eredua prest izango duzu, baita paziente gisa zure lehentasunezko hizkuntza euskara izatea nahi duzula eskatzeko orria ere. Behatokiari, Elebideri, Sendagileen Elkargoari eta Osakidetzak eskualdeka dituen zuzendaritzei bidaliko zaizkie. Tabernan bertan prestatuko dira herritarren kexak, gero bidaltzeko.

3.000 kexa lortzea helburu

Osasun zentrora gerturatutakoan sarri uzten dira bigarren mailan hizkuntza eskubideak. Pattal gabiltzalako, zer daukagun ez jakin eta kezkatuta gaudelako… nahikoa lan geure buruarekin. Osakidetzaren egitura konplexuak ere ez du batere laguntzen hizkuntza eskubideak urratzen direnean kexa nola bideratu asmatzen, eta helburua lortzen.

2013. urtean adibidez, Elebidek 359 kexa jaso zituen. 228 kexa zerbitzu publikoei lotuta zeuden, eta horietako 20 baino ez ziren osasun arlokoak. Antolatzaileetako bat da Aitor Montes Lasarte medikua eta hark adierazi duenez, 2015ean, Arrasateko bilketa modua erabiliz edo bestelako moduez, 2.000-3.000 kexa lortu nahiko lituzke. Herritarren presioa, eskaria, eskaintza bihur daitekeelako.