argia.eus
INPRIMATU
Ketxua hizkuntza biziberritzeko plana osatzen ari dira Bolivian, Garabideren parte hartzearekin
  • Bolivian izan dira Garabide elkarteko hiru kide, plan estrategikoa prestatzeko lehen saioetan, eta euskararen biziberritzearen gakoak azaldu dizkiete ketxua komunitateko kideei.

Leire Artola Arin 2021eko azaroaren 09a
Ketxua biziberritzeko jardunaldietan euskararen biziberritzearen gakoak azaldu dituzte. / Argazkia: Garabide.

2023an Boliviako ketxua komunitateak haien hizkuntza biziberritzeko plan estrategikoa abiarazteko asmoa du. Orain, plan hori prestatzen ari dira, eta lehen saioak egin dituzte azaroaren 4tik 6ra bitartean, Boliviako ketxuen hiru departamendu nagusietako hirietan: Cochabamban, Sucren eta Potosin. Euskal Herritik joan dira jardunaldietan parte hartzera Garabide elkarteko Txema Abarrategi, Iñaki Martinez de Luna eta Eñaut Agirre. Euskararen biziberritzearen nondik norakoak azaldu dizkiete, haiek ideiak hartu ditzaten plana zehazterakoan.

Garabidek azaldu duenez, ketxua komunitateko kideak “kezkatuta” daude hizkuntzaren egoerarekin, eta hiru eguneko saioak erabili dituzte ahulguneak eta indarguneak identifikatzeko eta hortik abiatuta biziberritze planaren diseinua egiten hasteko. Aurreikusi dute 2022an plana zehaztea eta hurrengoan, 2023an, martxan jartzea.

Herri indigenen hizkuntza gutxitua da ketxua, Perun, Argentinan, Txilen eta Bolivian hitz egiten dena. Gaur egun Bolivian eta Perun hizkuntza ofizialtzat onartuta dago; ez, ordea, Txilen eta Argentinan. Komunitateko kideek eta hainbat erakundek hizkuntza bultzatzeko egitasmoak antolatu dituzte, eta Garabiderekin elkarlanean dihardute.