argia.eus
INPRIMATU
Kereila jarri diete Zoido eta Grande-Marlaskari, 1978ko Sanferminen inguruko agiriak ezkutatzeagatik
  • Sanferminak 78 Gogoan! elkarteak eta poliziak hildako German Rodriguezen anaiak jarri dute kereila espainiar barne ministroen kontra, Zigor kodean oinarrituz.

ARGIA @argia 2019ko urriaren 31
Urte hasieran Martin Villaren kontra ere kereila kriminala jarriko zuela iragarri zuen Sanferminak 78 Gogoan elkarteak (ar.: Euskalerria Irratia)

Espainiako Zigor kodearen 413. artikuluaren arabera, agintari edo funtzionari publikoek euren kargu dauden agiriak ezkutatu edo deuseztatzen badituzte, lau urte arteko kartzela zigorra jaso dezakete.

Sanferminak 78 Gogoanek azaldu duenez, 1978an Espainiako Kongresuak urte hartako Sanferminetan poliziak egindako oldarraldiaz txostena agindu zuen. Dokumentu hori, eta bere baitan barnebiltzen dituen beste hiru txosten eskatu dizkiete, lehenik Juan Ignacio Zoidori –barne ministro zela– eta ondoren haren kargua hartu zuen Fernando Grande-Marlaskari, lurralde auzitegiak froga gisa onartu baititu. Baina erregistroetan ez dagoela eskuragarri erantzun diete behin eta berriz.

Sanferminak 78 Gogoanen ustez, jokabide horrek urratu egiten ditu akusazio partikularren eskubideak, froga horiek auzian eragin nabarmena izan baitezakete. Horregatik jarriko dute kereila, barne ministroen kontra ez ezik, baita Isabel Goikoetxea Barne Idazkariordearen kontra eta Jose Rafael Rojas artxiboetako zuzendari orokorraren kontra ere.

Martin Villa ere bai

Ez da elkarte horrek 1978ko gertaerengatik jarrita duen kereila bakarra izango. Urte hasieran, Rodolfo Martin Villa urte haietan Espainiako Barne ministro zenaren kontrako kereila kriminala jarri zuen, German Rodriguezen hilketan eta poliziak eragindako sarraskian dituen erantzukizunak argitu ditzan.

Espainiako Estatu mailan Barne ministroaren kontrako kanpaina abiatu zuten biktimen elkarte eta eragile ugarik, ministro izan zen garaian poliziek egindako hilketa eta erasoengatik.