argia.eus
INPRIMATU
Kepa Junkera omenduko du Kataluniako Tradicionàrius festibalak, iktusa jasan zuenetik urtebetera
  • Ostiral honetan hasiko da Bartzelonan Tradicionàrius nazioarteko folk jaialdia. Aurtengo edizioak Kepa Junkera musikari bilbotarra omenduko du, beren beregi sortutako Kepa aurrera ikuskizunarekin.

ARGIA @argia 2020ko urtarrilaren 10
Kepa Junkerak iktusa jasan zuen 2018ko abenduan eta errekuperatzen ari da. Ostiral honetan Katalunian omenaldia egingo diote.

50 talde eta bakarlari eta 70 jarduera baino gehiago: urtea hastearekin batera Bartzelonan antolatzen duten Tradicionàrius festibala ezinbesteko zita da Herrialde Katalanetako folkaren zaleentzat. Aurtengo edizioa irekiko duen kontzertuko protagonista, ordea, Euskal Herriko musikari bat da: Kepa Junkera. Jaialdiak Bilboko trikitilaria omendu nahi izan du, 2018ko abenduan jasan zuen iktusaren ondoren.

“Kepa lagun handia da, aspalditik kolaboratzen du gurekin eta aitortza egin nahi izan diogu”, azaldu dio Ara egunkariari jaialdiko antolatzailea den Jordi Fàbregasek. Junkerak festibalean egon nahi lukeela ere adierazi du, baina ez dela posible izango. “Haren musika bai, egongo da”, erantsi du Fàbregasek.

Kataluniako hainbat musikarik parte hartuko dute Kepa aurrera ikuskizunean, gehienak Junkerarekin kolaboratzen aritutakoak. Ikuskizunaren bigarren zatian berriz, protagonismoa hartuko du Gaizca Project taldeak, zeinak Euskal Herriko, Galiziako eta Kataluniako musika tradizioak uztartzen dituen.

Gainera, Josep Tomàs argazkilariak Junkerari egindako argazkiz osatutako erakusketa ere antolatu du festibalak.