Eizagirre eta Arkauz preso ohiak dira, eta Imanol Jaio iheslari ohia. Eizagirre Zarautzen atxilotu dute, Arkauz Gasteizen eta Jaio Irunen. Espainiako Auzitegi Nazionalak agindu ditu atxiloketak, Ertzaintzak 2019an atzemandako “zulo” batekin lotuta.
Hedabideetan zabaldutako informazioaren arabera, Arkauz eta Eizagirreri “helburu terroristarekin lehergaiak edukitzea” leporatzen die Auzitegi Nazionaleko Ismael Moreno epaileak. Jaiori, aldiz, ETAko kide izatea egotziko lioke. Polizia operazioaren jatorria Ertzaintzak 2019an Arraia-Maeztun (Araba) aurkitutako ETAren zulo batean dago. Orduan zabaldutako informazioaren arabera, gordeta zegoen material leherkariak urte asko zeramatzan bertan. Ismael Moreno epaileak zuloarekin erlazionatzen ditu hiru atxilotuak.
Kepa Arkauz arrasatearra 2013ko maiatzean atxilotu zuten, "ETAko aparatu logistikoko kide izatea" leporatuta. 2014an epaitu zuten, Parisen, Julen Mendizabal eta beste lau presorekin batera. Eizagirre 2013an atxilotu zuten Frantzian ETArekin lotura zuelakoan, eta lau urtez egon zen preso; 2017an Espainiaratu zuten, hango zigorra beteta. Baldintzapean aske geratu zen orduan. Imanol Jaio iheslari ohia da. Abadiñotarra da sortzez, baina Lapurdin bizi zen. Naiz-en arabera, maiz bidaiatzen zuen Irunera, eta bertan atxilotu du Guardia zibilak. Atxilotuen etxeak miatzeari ekin dio Guardia Zibilak.
Epaitegira asteartean
Naiz-ek zabaldu duenez, Guardia Zibileko iturriek atxilotuen defentsari adierazi diote ez dituztela hiru euskal herritarrak inkomunikatuko, eta asmoa asteartean Madrilera eramatea dela, lehenik Tres Cantoseko polizia etxera eta ondoren Auzitegi Nazionalera.
“Estatu sakona”
EH Bilduk salatu egin du polizia operazioa.“Estatu sakonari” egotzi dio “bizikidetzaren eraikuntzan aurrerapausoak ematea eragotzi” nahi izatea. Atxiloketak “garaiz eta lekuz kanpo” daude koalizioaren arabera: “Espetxeak husteko unea da, ez betetzekoa. Bakea eta elkarbizitza demokratikoan aurrera egiteko garaia da. Estatuak gure herriaren aurka indarkeria erabiltzeari uko egiteko garaia da”.