argia.eus
INPRIMATU
‘Kenneth’ zikloia ari da Mozambike suntsitzen, ‘Idai’-k jo eta bost astera
  • Hondamendia berriro Mozambiken: martxoan Idai zikloiak –Afrikako eskualde honetan sekula ezagututako bortitzenak– txirtxilatu bazituen Beira hiria eta inguruak, bost aste bereanduago are ekaitz gogorrago bat lurreratu da han bertan, Kenneth urakana.

ARGIA @argia 2019ko apirilaren 26a
'Kenneth' zikloiaren egoera ostegun arratsaldean. (Irudia: Weather Channel)

Mozambikeko iparraldean Cabo Delgado aldetik sartu da itsasotik Kenneth zikloia, berekin ekarriz orduko 225 km-ko abiadurako haizeteak eta eurite izugarriak, itsas bazterran 5 metroko uhin handiak eragingo dituena. Madagaskar eta Komore uharteetatik pasa ostean heldu da Mozambikeko Pemba hirira eta Tanzania bezala Malawi ere harrapatuko ditu ondoko orduetan.

Adituek 4. mailako zikloi izendaturik, gauza da Afrikako itsas hegi horretan bitxia dela horrelako ekaitz handi bat eta aurten, bost asteko epean, bigarrena dela. Eric Holthaus meteorologo ezagunak aurreratu du egun luzez iraungo duela Kenneth-ek indarrean, atmosferaren goiko aldean daukan egoera bereziagatik ahultzen joateko aukera gutxi dauzkalako: "Inoiz ez da horrelakorik gertatu eskualde honetan eta munduan ere oso aldi bakanetan jazo da, zikloi batek indarrean irautea hainbeste egunez".

Holthausek martxoan ohartarazi zuen Idai zikloia zela froga garbi bat klimaren aldaketak munduko hainbat eskualdetan dagoenekoz eragiten dituen hondamendien adibidea: "Idai zikloia ez da hondamendi naturala: ekaitza gaiztoagotu dute klimaren aldaketak, mendetako kolonialismoak eta nazioarteko eten gabeko injustiziek". Kenneth ekaitzak arrazoi eman dio, ageri denez. ARGIAk plazaratu zuen martxoan Eric Holthausen "'Idai' zikloiak agerian utzi du klima aldaketaren oinarrian datzan injustizia".