argia.eus
INPRIMATU
‘Kelly’-ek garbitzaileen lan-eskubideak betetzen dituzten hotelentzako erreserba zentroa abiatuko dute
  • Webgunea 2022tik aurrera jarriko dute martxan, eta garbitzaileen lan-baldintzak betetzen dituzten hotelak zeintzuk diren jakiteko balioko du. Prekarizazioa gelditzea eta esternalizazioa saihestea dira helburu nagusietako bi.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko abuztuaren 31
Argazkia: @LasKellysBCN

Kataluniako hoteletako garbitzaileen (Kelly) sindikatuak langileak esplotatzen ez dituen ostatuentzako erreserba zentro propioa sortuko du. Kellyen erreserba zentroa izango du izena, eta 2022tik aurrera egongo da martxan. Hasieran, garbitzaileen lan-baldintzak errespetatzen dituzten Bartzelonako hotelek osatuko dute zerrenda; gerora, hiriburutik kanpo dauden ostatuak ere gehituko dituzte.

Egitasmoa martxan jartzeko, Goteo mikromezenazgo kanpainaren bidez lortu dute finantzazioa. Uztailaren 18an hasi zuten diru bilketa, eta pasa den ostegunerako 60.000 euroan ezarritako gutxienekora heldu ziren. Orain, 40 egunez luzatu dute kanpaina, 90.000 eurora igo duten gehienezko kopurua lortzeko asmoz.

'Kelly'-ek Twitter bidez salatu dutenez, egun ez dago beren lan-eskubideak betetzen dituen hotelik Katalunian. Erreserba zentralaren helburua, hain zuzen, hori lortzera bideratuta dago: 2018an, Kataluniako Gobernuak baldintzak betetzen zituzten hotelei Kalitatezko eta Bidezko Lanaren Zigilua aitortzeko egitasmoa onartu zuen, baina hiru urte geroago, proposamena ez da martxan jarri. Vania Arana Kataluniako Kellyen ordezkariak esan duenez, administrazioak esku-hartzen ez badu, eurek behar dute egin botere publikoari dagokion lana: “Lan duinak eduki nahi ditugu”.

Hori betetzeko, 2018an hainbat baldintza ezarri ziren. Garbitzaileak plantilan izatea, hiru urte baino gehiagoko kontratuak egitea, Kataluniako ostalaritzako hitzarmen kolektiboaren barruan egotea eta osasunari eragiten ez dion lan karga onargarria izatea ziren garrantzitsuenak. Orain, erreserben zentralak, beste hainbat ezaugarri betetzen dituzten hotelen zerrenda bilduko du: ordainsari bera emakumeentzako eta gizonezkoentzako, kolektibo zaurgarrietako jendeari kontratazio aukerak eskaintzea eta konratazio mugagabeak egitea, besteak beste. 

Bereziki, hoteletako gelen garbiketa lanak ez azpikontratatzea da eskaera nagusia. Kataluniako Kellyek 2019an egin zuten baldintza hori betetzeko galdeketa Europako Parlamentuan, Frantziako eta Erresuma Batuko beste hainbat talde sindikalekin batera. We end outsourcing izena zuen egitasmoak, baina horrek ere porrot egin zuen.

Esternalizazioaren aldekoak

CCOO eta UGT sindikatuek, Malagako Unibertsitatearekin eta Espainiako Turismo Ministerioarekin batera, garbitzaileen lan-eskubideak betetzen zituzten hotelen zerrenda bat plazaratu zuten pandemia baino lehenago. Baina Fair Hotels izenezko webgune horrek ez ditu 'kelly'-en eskaera guztiak kontuan hartzen, esternalizazioa alde batera uzten duelako. Izan ere, sindikatuen ustez, legeak onartzen duen praktika bat da, eta hotelei eskaera gehiegi egiten badizkiete, atzera bota daitezke. Ondorioz, erreserba zentroari kritikak egin dizkiote egitasmoaren sortzaileek, baldintza hori gehitzea ez zaielako bideragarria iruditzen.

Zentroaren kudeaketa

Garbitzaileen sindikatuak, ordea, baldintza guztiak bete daitezen nahi du, eta horretarako, badirudi garbitzaileek beraiek kontrolatuko duten erreserba zentroa izango dela. Benidormeko 'kelly'-en bozeramaile Yolanda Garciak La Marea hedabideari kontatu dionez, administrazioek kalitate zigiluak ematen dituztenean baliatzen dituzten ikuskaritza metodoak ez dira baliagarriak: “Jabeek badakite aintzatespen hori ematen duen inspektorea noiz etorriko den, eta hotela prestatu egiten da, toalla edo izara berriak beraiek jarriz, ikuskatuko dituzten geletan”. Horregatik, egitasmo berriarekin egunero egingo dituzte ikuskaritza lanak, dena ondo doan jakiteko: “Eta oso zorrotzak izango gara”.