Keak ematen du usain berezi bat. Seguru asko kontserbatzeko teknika bat izango zen jakiak ketzea. Keak atzera ere eragiten du. Garai batean suaren epelean kea hutsala izango zen. Kearen usaina, hutsaltasun hori, gaur egun eraman ezina zaigu eta arropan eransten den kiratsa areago. Garai hartan jakiak ketu egiten ziren iraun zezaten. Gazta sasoi batean egiten zen, beste batean txerria hiltzen, arrainak beste sasoi batean. Elikagai horiek urte guztian eskuera izateko aukera ematen zuen ketzeak. Lehortu egiten du keak eta usteldurak eragotzi, baita intsektuak uxatu ere. Gaur egun ez dugu keztatze horren beharrik jakien kontserbatzeko; baina ke gustu horrekiko menpekotasuna oinordetzan jasoa du gure ahosabaiak. Tamainan ketutako edozein jakik ahogozamena dakargu ahosabaia eta sudur-mintza bat egiten diren eztarri muturrera.
Sudur-mintza bera ere oroimenak berritzeko tresna ezin hobea da. Kearen dastak ahosabaia zirikatuko du, baina usainek burua hankaz gora jar dezakete, erotzeraino. Nori ez zaio gertatu: usain bat aditu eta lelotuta, adurra dariola bezala gelditu, usain horren iturria ezin asmaturik. Usainak dira gure bizitzako istorioetako sarrailen giltza. Beraiek garamatzate azkarren gure gertakizunen biltegira. Edo bizitzako pasadizo nabarmen bakoitzak usain bat du?
Ezagutzen dut bere usain garrantzitsuena kanelarena (Cinnamomum verum) duen jendea. Amonak prestatzen zuen arroz-esneak barruan zeraman kanela zotzarena eta gainazalean zuen kanela hautsarena. Nork ez du arnasa sakon hartu orbel berriaren lurrinarekin topatu denean? Zuhaitz arte ospel samar batera hurbildu eta onddo usain heze barnekorrak ez al du onddoarenak berak baino gehiago asetzen? Ni behinik behin bai!
Badut nik pituitariak adi-adi erne jartzen dizkidan lurrin bitxi bat. Gazte denboratako usain bat da. Beste mende batean gazte hausle edo bide berrien urratzaile sentitzen ziren askok, bereziki hippyek, lurrin berezi bat zeramaten kokospean. Kopla handirik gabe ederki zipriztintzen zuten lepamagaletik belarri azpirainokoa. Eta nonahi nabarmentzen ziren. Patxuli (Pogostemon cablin) usaina zen. Gaur egun miraria da kalean patxuli usainarekin topo egitea. Niri oso gutxitan gertatzen zait eta beti manifestazioetan eta kale agerraldietan izaten da. Ez dut batere gustuko, baina agian gehiago erabili beharko litzateke. Kearen moduan, intsektuak behintzat uxatzen ditu...