argia.eus
INPRIMATU
Ke beltza Sabin Etxean

Josu Iraeta 2023ko urriaren 27a

Lau hamarkada luze baino gehiago igaro dira ezker abertzalea Herri Batasunaren egituretan antolatuta bildu zenetik, eta gaur egun, iritzi-sortzaileak beldur dira Madrilen, PSOE prest dagoelakoan beharrezko urratsak eman eta 1998an Stormont-eko akordioen antzeko zerbait, helburu “izan daitekeela” esaten baitute.

Era berean, publikoki galdetzen dute –inguruetan beldurra pizteko asmoz– Pedro Sánchez jaunaren PSOEk hainbeste amesten duen “argazkia” lortuko balu, zenbat denbora behar ote duten EAJk eta EH Bilduk, agertoki berrian autodeterminazioa planteatzeko, egungoa baino dezente zabalagoa den gehiengoarekin, eta bloke konstituzionala “hauskor” dagoela.

Arrazoi horiek bultzatzen dituzte Francoren Espainia betikotzeko betebeharra beren gain hartu duten PP eta VOXeko bere akolito berriak. Agian horregatik koskabiloak zimurturik dabiltza, ikusiz, nola Espainiako Estatua epe ertainean berriro definitzeko helburua dutenen “ibilbide-orria” ezagutuz.

Nire iritziz, bada beste galdera bat, egiten ausartzen ez direna, eta erakutsiko luke, kudeatzaile “ustez” demokrata direnak, intrusismoa egiten ari direla. 40 urte luze baitaramatzate selektibitatea gainditu ezinean.

Hauxe da egin behar luketen galdera: zer egoera genuke gaur Euskal Herrian, frantses eta espainiar estatuek, ezker abertzalea ezabatu nahian, beren Konstituzioa etengabe urratu izan ez balute?

Ultra eskuin frankistak nolabaiteko indarrez gora egin badu, PPko zuzendaritzak bultzatuta, noski, eta jatorri anitzeko hilotz politiko ezagunek aurpegia emanez –nire ustez–, gertatu da PSOEren mugimenduak horretarako egokiak izan direlako.

EAJko zuzendaritzak beste lehentasun batzuk dauzka, beraz, gaur arte beharrezkoak izan diren agente batzuk, ez dira beharbada, hain komenigarriak

Ez dira denak baieztapen horrekin ados egongo, bale, baina oinarri hau, nazionalismo espainoleko eskuin naturala, ultra posizionamenduetatik urruntzea, derrigorrezkoa dute PSOE barruan, helburu nagusia betetzeko. Moncloako alokairua berritzeko, alegia.

Moncloa bakarrik ez, Gasteiz inguruko mugimenduak, presentziak, eta absentziak gertutik begiratuz gero, eta Lehendakaritzaren inguru tekniko-aholkularitik datozen filtrazioei egiazkotasuna aitortuz gero –normalean ongi informatuta egoten baitira–, baiezta liteke iraungitzear dagoela Urkullu jauna Ajuria Enean izaten ari den egonaldia.

Ez da batere zaila zergatia ulertzea. Gasteizko Legebiltzarrean “aktibo” gisa adierazitako errealitate aritmetikoak, elementu zuzentzaileak ezartzera behartzen du EAJko zuzendaritza, bere alderdi-enpresaren egitura astunaren “bideragarritasuna” nola eta norekin ziurtatzeko unean.

Ez dira berriak EAJko mugimendu horiek, ezta harrigarriak ere. Gogoratu, bestela, aurreko lehendakariek bizi zituzten egoerak. Asko dakite horrelako kontuez Garaikoetxea eta Ardantza jaunek. Gogoangarria, azken hori, nola “urrundu” zuen bere alderdiak Lizarrako Itunetik, ezagunak diren arrazoiak tarteko.

Gaur, antzeko egoera bat egon daiteke sortzear, ez baita Urkullu jauna EAJren traineruan arraun luzea daramana, nahiz eta azken urteotan berak rol nagusia jokatu duen.

EAJ alderdian EBB da patroia, eta dirudienez, beste baliza bati begira jarri du branka. Eta, baliza horretan, EAJko zuzendaritzak beste lehentasun batzuk dauzka, beraz, gaur arte beharrezkoak izan diren agente batzuk, ez dira beharbada, hain komenigarriak.

Egoera honetan, garrantzitsua da belaunaldi-amnesia kontzeptua, “EAJ munduan” gatazkan dauden ikuskerak ulertzeko. Uneotan boterea eskuratzen ari diren belaunaldi berrietako kide batzuk hartzen ari diren mugimendu politikoen aurrean.

Zer esaten duten, eta batez ere, zer egiten ari diren ikusita, esango nuke belaunaldi berri horrek, muzin egin diola George Santayana filosofoak egindako oharrari: “Iragana gogoratzen ez dutenak iragan hori errepikatzera kondenatuta daude”, esan baitzuen.

Onar nezake euskaldunok osatzen dugun eboluzio-gizartea ez dela bereziki azeleratua, eta ez duela joera handirik, mutur batetik bestera eramaten duten aldaketen oldearekin bat egiteko.

Nolanahi ere, ez da ikusten belaunaldi jelkide berri horren iraganarekiko interes falta horren lekuan etorkizunarekiko interesa dagoenik, eta hori oso larria da. Oraingo unea kontuan hartuta, ahaztu gabe mugimendu posible ororen subjektu aktiboa Euskal Herria baino ez dela.

Emaitza bistakoa da. Antza, hainbeste gauza ari dira gertatzen, non jendeak galdu egin baitu gerora etor litekeena ulertzeko eta, are gehiago, aurreikusteko esperantza. Horrek ondorio bilatu eta interesatu batera garamatza: hala iragana nola etorkizuna ezagutzatik at badaude, oraina baino ez da gelditzen.

Hori da haien mezu faltsu eta maltzurra. EAJ munduko belaunaldi-aldaketa jarraitutasunen aldekoa baita; hau da, lehenagokoak egindako gauza bera egiten dute, eta horri heltzen diote.

Hurrengo ekitaldi nagusia hurbiltzen ari da. Denbora gainean eta azken ukituak ematen ari dira. Laster bukatuko dira altzarien herrestan joan-etorriak eta geroago jasoko dute antzokiko oihala. Erdigunean mahai luzea dago prest eta aulki dotore tapizatuak ditu inguruan. Beraz, hilabete gutxi barru, sartuko dira agertokian aktoreak. Zoritxarrez, batzuek ez dute gidoia ongi ikasita eramango, baina, zorionez, oraindik ere badira “gordeta” egoten diren oroitarazleak.

Hondamendia gertatuko litzateke eszena-zuzendariak emankizunak aurrera jotzeko ahaleginak eta bi egin arren, antzezlana bertan behera utzi beharko balitz. Zergatik eta aktore nagusiak planto egin duelako, interpretatzeari uko eginda.

Nork zurituko ote du ke beltza Sabin Etxean?

Josu Iraeta, idazlea