argia.eus
INPRIMATU
Kazuo Ishigurok irabazi du Literaturako Nobel saria
  • Kazuo Ishiguro japoniar jatorriko idazle britainiarrak irabazi du Literaturako Nobel saria.

ARGIA @argia 2017ko urriaren 05

1954an Nagasakin jaioa, sei urte zituela joan zen Erresuma Batura bizitzera.

1980an, zenbait ipuin eta artikulu argitaratu zituen aldizkarietan. 1982an argitaratu zuen lehen nobela: A Pale View of Hills (Muinoetako argi margula).

Eleberri horri esker, Winifred Holtby saria irabazi zuen. The Remains of the Day (1989, Egunaren azken hondarrak) nobelak laudorio ugari jaso zuen, eta Booker saria irabazi zuen. Lan horretan, maiordomo ingeles baten oroitzapenak kontatzen dira lehen pertsonan, tonu harro eta erreprimituan, eta agerian gelditzen da zer-nolako kostua izan duen zerbitzari-bizitzak.

Miresmen handia sortu zuten ingeles kutsu erabatekoa duten kontatzeko erak eta pertsonaiek, xehetasun historikoen ikerketa zorrotza dutela oinarrian.

1993an, James Ivoryk izen bereko filma egin zuen nobela horretan oinarrituta, eta ospe handia izan zuen filmak.

Hurrengo eleberriak harrituta utzi zituen kritikariak; izan ere, The Unconsoled (1995, Nahigabetua) lanak ez zuen aurrekoarekin batere zerikusirik, Kafka gogorarazten duen eta amets gaiztoa dirudien kontakizun luze, surrealista eta argumenturik gabea baita.

Orduz geroztik, When We Were Orphans (2000, Umezurtz ginela), Never Let Me Go (2005, Ez iezadazu sekula utzi alde egiten) eta The Buried Giant (2015, Erraldoi lurperatua) idatzi ditu.

Artikulu honen edukiaren zati bat Lur Entziklopediatik eta Euskarazko Wikipediatik hartu da CC-by lizentziari esker.