argia.eus
INPRIMATU
Kazuo Ishiguro Nobel sariduna euskarara itzuliko dute Amaia Apalauzak eta Iñigo Roquek
  • Literaturako Nobel saridunak euskaratzeko AEDk eta Elkarrek, Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin antolatutako Jokin Zaitegi itzulpen-lehiaketa irabazi du Amaia Apalauzak eta Iñigo Roquek batera aurkeztutako proiektuak. Kazuo Ishiguro idazlearen The Remains of the Day euskaratuko dute.

Goiena @goiena 2018ko urtarrilaren 17a
Apalauza eta Roque itzultzaileak (argazkia: Goiena).

Asun Garikanok, Xabier Olarrak eta Xabi Payak osaturiko epaimahaiak hautatu du Apalauzaren eta Roqueren lana. Kazuo Ishiguro nobelagile japoniar-britainiarraren The Remains of the Day euskaratu beharko dute itzultzaileek, eta 2018 urte amaieran emango du argitara Elkar argitaletxeak; iazko urte amaieran Suediako Akademiak Nobel saridun hautatu zuen Ishiguro.

2002tik abian den lehiaketa

2002an abiarazi zuten Elkar-ek eta AEDk Nobel sariduna euskaratzeko Jokin Zaitegi beka, eta hamaika urtez hauexek izan ziren sari horri esker itzulitako liburuak:

- 2002 Imre Kertesz: Zoririk ez. Itzultzailea: Urtzi Urrutikoetxea.

- 2003 J.M. Coetzee: Lotsaizuna. Itzultzailea: Oskar Arana.

- 2004 Elfriede Jelinek: Itzulpen saria hutsik utzi zen.

- 2005 Harold Pinter: Maitalea eta beste antzerki-lan batzuk. Itzultzailea: Iñigo Errasti

- 2006 Orhan Pamuk: Elurra. Itzultzailea: Monika Etxebarria / Fernando Rey.

- 2007 Doris Lessing: Belarra kantari. Itzultzailea: Koro Navarro.

- 2008 J.M.G. Le Clézio: Basamortua. Itzultzailea: Luis Berrizbeitia.

- 2009 Herta Müller: Hatsaren kulunka. Itzultzailea: Ibon Uribarri.

- 2010 Mario Vargas Llosa: Pantaleon eta bisitariak. Itzultzailea: Santi Leoné.

- 2011 Tomas Tranströmer: Bizientzat eta hilentzat. Itzultzailea: Juan Mari Aguirreurreta.

- 2012 Mo Yan: Hori da umorea, maisu! Itzultzaileak: Maialen Marin / Aiora Jaka.

- 2013-2014 Zaitegi Saria ezin izan zen antolatu

- 2015 Svetlana Aleksievitx: Gerrak ez du emakume aurpegirik. Itzultzailea: Iker Santxo Insausti.

- 2016 Bob Dylan: Ehun kanta (oraindik argitaratu gabe). Itzultzailea: Gartxot Unsain.

Albiste hau Goienak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.