argia.eus
INPRIMATU
Kazetaritza Matxistaren Behatokia sortu dute, hedabideen eduki matxistak aztertzeko
  • Euskal Herriko Unibertsitateko Bitartez ikerketa taldeak eta Pikara Magazine agerkariko kideek sortu dute.

Ainara Rodil Jaime 2024ko martxoaren 08a

Hedabideen eduki matxistak aztertzea, sailkatzea eta batzea izango da Kazetaritza Matxistaren Behatokia helburua. Angeriñe Elorriaga, Bitartez ikerketako kideak adierazi du: “Kazetaritza matxista kazetaritza txarra da. Kalitate kontua da, ortografia akats bat izan daitekeen bezala. Ez dago kazetaritza matxista onik”.

Albiste matxista hobeto azaltzeko, sailkapen bat egin dute arduradunek. Bederatzi atal bereizi dituzte eta mota bati dagokio bakoitza: emakumeen balioa irudi maskulinoekin lotzea, objektibizatzea eta enfasia azalekoan jartzea, indarkeria matxista erromantizatzea edota minimizatzea, emakume hitzaren erabilera erredundantea egitea, hizkuntza distortsioagatik diskriminazioan jardutea, esfera publikoan nomenklaturaren arabera bereiztea, emakumeen arrakastak generoaren araberako mesedeei egoztea, biktima errudun bilakatzea eta alderdi ez-profesionalaren araberako definizioa erabiltzea.

Euskarazko eta gaztelaniazko edukiak aztertu dituzte, baina ingelesezkoak ere sartzeko asmoa dute. Aztertutako eduki guztiak egunkarietan eta agerkari digitaletan agertu dira, baina aurrerago irratietako eta telebistetako albisteak sartzea ez dute baztertzen. Hemen kontsulta daiteke.

“Kazetaritza errealitatea aztertzeko aukera ematen duen lanbidea da”, adierazi du Pikara Magazine-ko kide Maria Angeles Fernandezek. “Haren zeregina zera da, botereak eta egiturak zalantzan jartzea. Eta feminismoak irakatsi digu patriarkatua eta matxismoa bizitzaren arlo guztiak blaitzen dituzten egiturak direla, kazetaritza barne".

Egitasmoa zabalik dago herritarren ekarpenetara, eta webgunean badago helbide elektroniko bat, irakurleek matxistatzat jotzen dituzten albisteak bidali ahal izateko.