argia.eus
INPRIMATU
ANALISIA |
Kazetaritza ez da kazetariena

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2021eko maiatzaren 31
Argazkia: reporteindigo.com

Kapitalismoaren ezaugarri nagusienetako bat da jakintzen pribatizazioa eta merkantilizazioa: modu kolektiboan eta elkarrekintzan garatutako ezagutzak elkarrengandik isolatutako jakintza eremuetan kaiolatzen ditu, lehenik; eremu bakoitzarentzako aditu-jainkoak sortu, ondoren; aktore-ikusle pasibo harremana ezartzen du “aditu” eta “ezjakin”-en artean; eta jakintzak merkantzia bilakatzen ditu. Ez subjektibitate kapitalistaren izenean, noski, objektibitate zientifikoarenean baizik –objektiboak objektuak direla idatzi zuen inoiz Eduardo Galeanok, ordea–. Gure buruen heziketa Hezkuntzaren eta Hezitzaileen esku, emozioak Terapiaren eta Terapeuten esku, ekonomia Zientzia Ekonomikoaren eta Ekonomialarien esku, politika Politika Zientziaren eta Politikarien esku... Informazioa Kazetaritzaren eta Kazetarien esku.

"Kutxikotxokotxikitutik blogeko lagunek abiatutako ikerketa zorrotzik gabe aste honetan  argitaratuko dugun 'Esku batekin etxeak erosi, bestearekin araudia moldatu' erreportajeko mamiak ez luke argia ikusiko"

Eskerrak ezjakin konformagaitz tematiei, arloan aditu edo profesional izan gabe ere hezkuntzan, ekonomian, politikan, kulturan edo dena delakoan baimenik gabe eskua altxatu eta parte hartzen dutenei. Eskerrak, informazioaz eta kazetaritzaz ari garela, Nafarroako Kontuz! edo Arabako Adi! moduko elkarteei, hamaika herritarren eta mugimenduen blogei, webguneei eta sare sozialei. Beren txosten, ohar, salaketa, kritika, iruzkin, irudi, lekukotasun, hausnarketei. Urrunago joan gabe, Kutxikotxokotxikitutik blogeko lagunek abiatutako ikerketa zorrotzik gabe aste honetan Gasteizko etxebizitzen turistifikazioari buruz argitaratuko dugun Esku batekin etxeak erosi, bestearekin araudia moldatu erreportajeko mamiak ez luke argia ikusiko.

Noski denok ez dakigula denaz eta neurri berean –beharrik ere ez–, baina horrek ez du zerikusirik jakintzen arloko obedientzia eta delegatze logika hierarkikoarekin. Informazioa eta kazetaritza garrantzitsuegiak dira hedabideen eta kazetarien eskuetan usteko. Zaborra eta distira, bietatik asko dago kazetaritza profesionalean zein ez-profesionalean: kalitatean, etikan, zintzotasunean, zorroztasunean dago gakoa. Eskerrak kalitatezko informazioaren militante ez profesionalei. Beraiek gabe pobreagoa litzateke informazioa, eta kazetaritza independentea egin nahi duten proiektu profesionalek eskuak lotuagoak lituzkete. Beraiek gabe zailagoa litzateke behetik, ezkerretik, txikitik eragitea.