Espainiako Estatuko Informazio Askatasunaren Aldeko plataformak sentsazio “gazi-gozoa” adierazi du, legeak jadanik kazetariengan “disuasio-efektua” izan duela uste baitu.
Espainiako Gobernuak prentsa askatasunaren kontrako erasoan atzera egin eta ARGIAri jarritako zigorra bertan behera utzi izana, oihartzuna izaten ari da prentsa eta kazetari elkarteen artean. Axier Lopezi jarritako isuna kazetari bati Mozal Legearen 36.23 artikulua aplikatuz jarritako lehena da, eta Espainiako Gobernuak atzera egiten duen lehena ere bai.
Besteak beste, Euskal Kazetariak elkarteak, FAPE Espainiako Kazetarien Elkarteen Federazioak eta IPI Nazioarteko Prentsa Institutuak jaso dute albistea. PDLI Espainiako Estatuko Informazio Askatasunaren Aldeko plataformak, bestalde, poztasun “gazi-gozoa” azaldu du.
Plataformak azaldu du gobernuaren atzera egitea etorri dela Espainiako Arartekoaren aurrean kexa jarri ondoren. Nolanahi ere, legeak kazetariengan jadanik izan duen “disuasio-efektuaz” ohartarazi du, dagoeneko beste hainbat kazetari eta argazkilari ere zigortu baitituzte Mozal Legearen artikulu bera ezarrita.