argia.eus
INPRIMATU
Txaleko identifikatzailea, kazetarien kaleko lana baldintzatzeko neurria
  • Espainiako Kazetarien Elkarteen Federazioa (FAPE) kazetariak manifestazioetan identifikatzeko akordio bat negoiatzen ari da Espainiako Barne Ministerioarekin. Honen arabera, kazetariek zenbaki identifikatzailea duen txaleko zuria erabili beharko dute manifestazioetan lan egin ahal izateko.

Judith Perez @judyjudd 2014ko abuztuaren 13a
Prentsa txaleko zurien erabilpena derrigortu nahi dute manifestazioetan (argazkia: bolsamania.com)

Elsa Gonzalez Federazioaren presidenteak Diagonal egunkariari adierazi dio akordioak “elkarteko kide diren kazetarien lana errazteko helburua” duela. Manifestazioetan argazkiak atera eta bideoak grabatzen dituzten pertsonak gero eta gehiago direla eta horrek kazetaritzaren prekarizazioa dakarrela salatu du.

Prentsa txalekoen erabilpena ez da derrigorrezkoa, baina Pedro Gómez Kazetarien Sindikatuen Federazioko (FeSP) kideak salatu du informatzaileen arteko bereizketak FAPEren kide ez diren kazetariak kaltetu ditzakela: “Txalekoen erabilpena benetan hautazkoa izango balitz ez ginateke kezkatuko. Baina txalekoa ez eramateagatik zailtasunak jartzen ari dira, eta hori larritzekoa da”. FAPE elkarte pribatua dela gogoratu du.

Informatzaile independenteek ere gogor kritikatu dute Barne Ministerioak eta FAPEk negoziatutako bereizgarria. Alicia Armesto bideokazetariak federazioa “bere pribilegioak mantentzeko borrokatzen duen klub pribatua” dela salatu du. “Txaleko edo txalekorik gabe, hedabide konbentzional baten informatzailea ez izateak poliziaren jomuga bihurtzen zaitu. Txalekoak ez ditu poliziaren akatsak zuzenduko”, adierazi du Susana Sanz streamerak.

FAPEren ustez, unibertsitate titulazioa eskatzen duen prentsa profesionalaren estatutu bat sortzea beharrezkoa da. FeSPek, bere partetik, hedabide eta komunikatzaile alternatiboak ere kontuan hartzen dituen komunikazio lege zabalago bat aldarrikatzen du.