argia.eus
INPRIMATU
“Kazetari guztiok lana askatasunez egiteko eskubidea aldarrikatuko dut epailearen aurrean”
  • Informazio eskubidea, hedabideen eta boterearen arteko lotura, Mozal Legea eta adierazpen askatasunaz mintzo da Iraitz Salegi. Ekitaldi publiko baten bideoak sarera igotzeagatik kartzelan sartu nahi duten Topatuko kazetaria da.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz Axier Lopez @axierL 2015eko martxoaren 10

Urduñako Gazte Danbadan Topatuz gain beste hedabide batzuetako kazetariak ere han izan ziren jarraipena egiten. Zu zara epaituko duten bakarra. Zergatik?

Sarritan, eta zoritxarrez, zer kontatzen den baino, nork kontatzen duen hartzen delako kontuan. Hori zilegi izan liteke iritzi publikoan, hartzaileak sinesgarritasuna eman edo kendu egingo dio komunikabide bati bere irizpide pertsonalen arabera, erabakiko du nork ematen dion mundu ikuspegi zintzoagoa. Baina Justiziak ezin du horrela jokatu inolaz ere ez, ezin du gustuko duenaren eta ez duenaren artean bereizketarik egin. Guztioi gure lana askatasunez egiteko berme berdinak eskaini behar dizkigu demokraziak. Eta, hala ez bada, ezingo genuke estatu demokratiko batez hitz egin.

Tonbola horretan niri egokitu zait epailearen aurrean proiektua eta gure jardunbidea babestu behar izatea, eta harro egingo dut gainera. Baina, badakit beste hedabide bateko kazetaria izango banintz ez nintzela egoera honetan egongo. Arrain txikien aurka egitea beti da errazagoa.

Espainiako zenbait komunikabidek Urduñako ekitaldiaren berri emateko zuen bideoa erabili zuten iturri gisa. Vocento taldeko ABCk, adibidez, "plataforma afín" gisa definitu zuen Topatu.info. Ondoren Poliziak zu zigortzeko argudio bera erabili du.

Informazio zehatz bat zabaltzeagatik auzipetu omen naute ni, eta sistemak bere horretan irautea helburu duten komunikabideek ere zabaldu dituzte eduki horiek. Ni auzipetzeko (i)logikari jarraituz, ez ginateke guztiok, ABC eta gainerako komunikabideetako kazetariak, epaile aurrean egon beharko?

Beraiek erabakitzen dute nor den kazetari. Nori eman informatzeko askatasuna eta nori ez. Nik esan nezake ABC Alderdi Popularraren "plataforma afín" dela, eta bere erantzukizuna dela Guardia Zibila Melillan migranteen aurka gauzatzen ari den sarraskia, askoren ustez Poliziaren jarrera "justifikatzen" dutelako haien artikuluetan. Iritzi publikoaren aurrean ardura izango dute, baina Legearen aurrean ezin da epaitu kontakizun bat egiteagatik. Komunikabidea mezularia delako, eta kito. Informatuko du nahi duen ikuspuntutik, beharrezkoa iruditzen zaion zintzotasunarekin eta komeni zaion gaien inguruan. Baina kazetariak izan behar gara herritar ororen informatuta egoteko oinarrizko eskubidearen berme. Kazetari guztiok, informazioa emateko erabiltzen dugun ikuspuntua edozein izanda ere.

Apurtu.org ixteko prozedura ere ABC eta La Razonek Iruñerriko komunikabidearen aurka martxan jarritako kriminalizazio kanpainaren ostean etorri zen. Horra hor kausalitatea. Lotura zuzen hori horren agerian egonda, oraindik botere banaketaz mintzo dira hainbat eta hainbat. Kasu hauetan argi eta garbi ikusten dugu Botere Legegileak eta Botere Judizialak adina indar daukatela komunikabideek.

Maiatza aldera izango duzue epaiketa. Nola egingo diozue aurre?

Oraindik ez dugu epaiketaren data, baina inguru horretan izango dela aurreikusten dugu. Egon zaitezke lasai argi daukazulako zure lanak ez duela inondik inora legerik urratu, baina zenbat euskal kazetari daude espetxean egun? Eloy Velascoren aurrean deklaratu nuenean Topatu.info zer zen azaldu nion, kazetaria naizela eta nire lana egin nuela une hartan beste hainbat kazetarik bezalaxe. Ez zidan kasu zipitzik egin. Fiskalaren txostenean ez da aipatu ere egiten kazetaria naizela, eta jarritako helegiteari epaileak kasurik ere ez. 20 orrialde inguruko txosten batean nahikoa dira lau lerro ni hemezortzi hilabeteko espetxe zigorrera kondenatu nahi izateko. Soilik jartzen du ustezko delitu baten inguruko edukiak zabaldu nituela eta, horregatik, ni ere delitu horren egilea naizela. Lau lerrotan eta argumenturik gabe doaz istorio honen albo kalte pertsonal, kolektibo zein ekonomikoak.

Topatu.info-ren eta bertan aritzen garen kazetarion defentsa egingo dut epaiketan. Eta, bide batez, kazetari guztiok lana askatasunez egiteko dugun eskubidea aldarrikatuko dut. Hortik aurrera, batek daki, zentzu gabeko gauza asko gertatzen dira salbuespenezko auzitegi horretan.

Azken asteotan bi etxegabetzetan jarraipena egiten ari ziren bi kazetari atxilotu ditu Madrilen Espainiako Poliziak. Zure kasuren antzera, Mozal Legea indarrean egon gabe ere berau ezartzen hasi direla uste al duzu?

Zoritxarrez, Euskal Herrian behintzat, aspalditik daukagu Mozal Legeak ezarri nahi dituen neurri murriztaileen berri. Bi puntutan eragingo dio, batez ere, gure jardunbideari. Alde batetik, Polizia grabatzea eta irudi horiek zabaltzea delitu bilakatuko dute. Bestetik, kazetariak gertaerak jazotzen ari diren gunetik urruntzeko ahalmena izango du Poliziak, beraien lana oztopatzen ari direla uste badute. Oso larriak dira bi neurriak, kazetariok ezingo baitugu Poliziaren jardunaren berri eman. Eta, jakin badakigu, kontatzen ez dena ez dela existitzen.

Imajinatu Melillan gauzatzen ari diren sarraskiaren irudiak zabaltzea delitua dela, etxegabetzeetan Poliziak erabili ohi duen bortizkeria grabatzea ezinezkoa izango dela, ezingo liratekeela zabaldu Bartzelonako kaleetan Mossoek herritar bati emandako jipoiaren irudiak. Eta orainaz ari naiz, Mozal Legea ezarri baino lehen neurri horiek pairatzen ari garelako. Dena beraien kontakizuna gailendu dadin, zabaltzen den istorioa eta historia bakarra izan daitezen.

Zure kasuari elkartasuna adierazteko Euskal Herriko 400 bat kazetarik, argazkilarik eta unibertsitateko irakaslek sinatutako dokumentua egin da publiko aste honetan. Nola hartu duzu?

Poza eta indarra ematen du ikusteak zure lanbide bereko herritarrak egoeraren larritasunaz jabetzen direla. Euskal Herrian kazetariok hamaika aldiz esan behar izan dugu "nahikoa da!", eta uste dut manifestu honek bidea ireki liezaiokeela bidegabekerien aurrean sortutako amorrua modu eraikitzailean antolatzeari. Balio beharko luke hemendik aurrera etorriko diren eraso guztien aurrean artikulatuta egoteko, modu horretan errazagoa izango baita presioa egin eta eskubide urraketei aurre egitea.

Informazio askatasunaren eskubidea ezbaian jartzen ari den honetan, Euskal Herriko kazetarien gremioa horri aurre egiteko prest dagoela uste al duzu? Nola?

Manifestu honek erakusten du prestutasuna badagoela, baina hori antolatzen asmatu beharko dugu. Ni terrorismoa goratzeaz leporatuta auzipetuta egon ordez, etxegabetze baten inguruan informatzeagatik inputatuta egongo banintz, babes askoz zabalagoa izango nukeela. Pena da horrela izatea. Gainditu behar dugun zerbait dela iruditzen zait.

Horregatik, beharrezkoa ikusten dut arazoaren muinera jotzea, eta informazio askatasuna zintzotasunez defendatzea kasu guztietan. Indarrak batu ezean noraezean itoko gara, eta gainetik pasako zaizkigu bai Mozal Legea, baita etorri litezkeen beste neurri murriztaileak ere.