argia.eus
INPRIMATU
Kazetari brasildar batek katalanez elkarrizketatu du Gerard Piqué Bartzelonako jokalaria
  • Bartzelonan bizitzen lau urte daramatzala aitortu zion Piquéri kazetariak eta hizkuntza menperatzen duela aprobetxatuz, jokalariaren ama hizkuntzan egin zion elkarrizketa.

Iñigo Igartua @igartua19 2018ko azaroaren 30

Brasilgo Esporte Interativo hedabideko Marcelo Bechler kazetaria da gertakariaren protagonista. Asteazken iluntzean jokatu zen Txapeldunen Ligako partidaren amaieran, Gerard Piqué Bartzelonako jokalariaren adierazpenak katalanez jasotzera animatu zen.

Hasiera batean txantxetan zebilela uste zuen arren, “pozik” hartu zuen Piquék kazetariaren jarrera. Katalanez hitz egitea “oso gustukoa” duela ere azpimarratu zion Bechlerrek. Elkarrizketa katalanez egin zuten protagonistek eta ondoren jokalariaren adierazpenak bere hedabideko ikusleentzat itzuli zituen kazetariak.

Katalana edo euskara bezalako hizkuntza gutxituen erabilera kirolean sustatzeko keinu polita izan zuen kazetari brasildarrak. Marcelo Bechler-en Twitter kontua esker oneko milaka mezuz bete da azken orduetan eta elkarrizketaren bideoa birala egin da.

Elkarrizketaren bideoa: