argia.eus
INPRIMATU
Kazetari bat hil dute Mexikon, 2017ko seigarrena
  • Javier Valdez kazetaria hil dute, tiroz, Mexikoko Sinaloa estatuan. Narkotrafiko eta indarkerian aditua zen. Sei kazetari hil dituzte Mexikon azken bost hilabeteetan, eta 126 mende hasieratik.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko maiatzaren 16a

Kazetari mexikarrak ikertzen zituen krimen antolatuak gobernuaren eta enpresarien goi-mailarekin dituen loturak. 2016an narkotrafikoaren gatazkan kazetariek egiten duten lanari buruzko liburua argitaratu zuen, Narcoperiodismo, la prensa en medio del crimen y la denuncia izenburupean.

La Jornada egunkariko korrespontsala zen Sinaloako estatuan. Culiacan hirian zegoela, auto batetik tiro egin diote, El Debate egunkariak aditzera eman duenez. Martxoaren 23an La Jornada-ko beste kazetari bat hil zuten, Miroslava Breach, modu berean.

Mexikoko Giza Eskubideen Batzorde Nazionalaren datuen arabera, Mexikon 126 kazetari hil dituzte 2000. urtetik. 2005etik hogei kazetari desagertu dira eta komunikabideen aurkako 51 eraso egin dituzte. Mexikoko Amnesty Internationalek esan du han kazetari izatea “lanbide bat baino gehiago, heriotza zigorra” dela.

Mexikon kazetaritzaren aurkako krimenetan zigorgabetasuna da nagusi: hilketen %82 sententziarik gabe geratu dira eta desagerpenen eta atentatuen %100.