argia.eus
INPRIMATU
Elkarretaratzea egin dute Bilbon, Volkswagen enpresaren jai pribatuaren aurrean
  • Igandetik, eta aste osoz luzatzeko xedez, Erriberako merkatuan ospakizun pribatua ari da burutzen Volkswagen enpresa. Alde Zaharreko auzotarrak elkarretaratzea egin dute asteazken gauez, Multinazionalen jai gutxiago, jai herrikoi gehiago lemapean.

Amaia Lekunberri Ansola 2019ko irailaren 26a
Erriberako merkatua, Volkswagen enpresaren jaialdia burutu bitartean (Argazkia: Hordago / El Salto)

Bilboko Alde Zaharrean kokaturik dagoen Erriberako merkatuan Volkswagen enpresa multinazionala ospakizun pribatua ari da burutzen astelehenetik, igandean egitekoa den Charge-Up Kongress 2019 kongresuaren harira. SOS Alde Zaharra plataformak deituta, auzotarrek elkarretaratzea egin zuten asteazken gauez, multinazionalen jai gutxiago eta jai herrikoi gehiago aldarrikatuz.

Ospakizunari buruz hala zioen SOS Alde Zaharra plataformak sare sozialetan: “Jada konturatuko zinen moduan, aste honetan astelehenetik ostiralera Erribera Merkatuan jai pribatu eta misteriotsu bat daukagu. Bada, Volkswagen enpresak antolatutako ospakizuna da, herritarrok erabiltzeko hamaika arazo jartzen dizkiguten merkatuan alajaina. Eta norentzat? Argi dago ez dela auzokideontzako”.

Hiriaren merkantilizazioaren eta espazio publikoaren erabilera pribatuaren aurrean gaitzespena agertzeko, kazerolada formatua eman zioten mobilizazioari. Lapikoak eskuan, multinazionalaren jaialdiko terrazara gerturatu ziren auzotarrak, eta hurbiltze horren aurrean Udaltzaingoak eta Ertzaintzak aurre egin zieten, Tantaka TVk grabatutako bideoan ikus daitekeenez:

Hordago-n jaso zutenez, zazpi polizia auto hurbildu ziren:

Hedabide berak azaldu du merkatuko espazioaren erdia esleitu zaiola enpresari, eta espaloiaren zati handi bat ere erabilera pribaturako itxi dela; jaialdiko terraza bilakatzeko, hain zuzen ere. Auzotar batek Bilboko Udalari buruz esanak jaso ditu hedabideak: “Gure bideak, merkatua eta polizia alokatu dizkiete, hori da kontua”. Beste auzokide batek gehitu zuen astelehen gaueko 00:15etan Udaltzaingoari dei egin ziola jaialditik zetorren zarataz ohartarazteko, eta hauek zera erantzun ziotela: jende gehiagok deitu zuela kontu beragatik, baina enpresak baimena zuela.