Gizonak asteazkeneko goizaldean erail zuen Kayle Villar Pons arma zuri batekin. Bularrean hainbat labankada eman ostean Kayle ospitalean hil zen. Mugimendu feministak elkarretaratzea deitu eta aurten Euskal Herrian indarkeria matxistak bost emakume erail dituela gogorarazi du.
“Aski da! Amorruz, minez eta inpotentziaz aterako gara kalera, berriz ere, gure bizitzak arriskuan direla oihukatzera”, adierazi du Nafarroako Mugimendu Feministak sare sozialetan. Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak deitu ditu kontzentrazioak, eta Gasteizen 19:30ean Andre Maria Zuriaren plazan elkartuko dira, Iruñean ostera 20:00etan Udaletxe Plazan. Aurten Euskal Herrian indarkeria matxistak bost emakume erail dituela gogorarazi dute feministek.
Iruñeko Errotxapea auzoan jazo zen erasoa asteazken goizaldean. Carmen Baroja Nessi kaleko etxabe batean hil zuen 27 urteko gizonak Kayle Villar Pons. 01:15ak aldera erasotzaileak hainbat labankada eman zizkion emakumeari bularrean eztabaida bat gertatu eta gero. Biktima ospitalean hil zen.
Diario de Noticiasen azaldu den bezala, bai erasotzailea eta bai 20 urteko emakumea etxabe berean bizi ziren beste hainbat pertsonarekin batera. Pladurrezko paretek banatzen zituzten logela guztiak, eta Villarren aita zen denen alokatzailea.
EFE agentziak jakinarazi duenez, atxilotutako gizonak liskarrak izan ohi zituen askotan, eta beste maizterrek salaketak ipini zizkiotela. Antza denez, duela gutxi ere atxilotu zuten gizona, eta aurretik biktimari heriotza-mehatxuak eginak zizkion. Villaren aitak azaldu izan du etxabetik kaleratzen saiatu zirela, alferrik, eta “krimena ekidin zitekeela”, askotan jo izan baitzuen Espainiar Poliziarengana salaketak eta urruntze agindua ipintzera.
Berria egunkariak jaso duenez, Iruñeko Udalak ez du indarkeria matxistarekin lotutako protokoloa aktibatu. Bertako iturriek euskarazko egunkariari jakinarai diote Udaltzaingoaren ikerketaren arabera auzia ez dela hilketa matxista gisa identifikatu, “motibazioa beste bat izan daitekeelakoan”. “Zain dago” Udala ikerketak zer ondorioztatuko duen jakiteko.