argia.eus
INPRIMATU
Fadi Hassan Donostian ‘persona non grata’ izendatzeko eskatu dute Kaxilda-ren aurkako epaiketaren harira
  • Fadi Hassan palestinarraren aurkako epaiketaren atarian, 40 bat lagun bildu dira izaera internazionalista eman dioten kontzentrazioan. Kaxilda liburu-denda, Biladi elkartea eta Askapena mugimenduaren izenean egina zegoen deialdia eta bertaratuei eskerrak emateaz gain, adierazi dute garrantzitsu jotzen dutela epaiketa hau "politizatu" izana, Hassanen jardunaren atzean Palestinarekiko elkartasuna oztopatu nahia dagoela uste baitute. Hirian eraldaketa bultzatzen duten eragileek pertsona honen aurpegia ezagutu dezatela nahi dute, bere jarreragatik persona non grata izendatzearekin batera.

ARGIA @argia 2020ko azaroaren 30a
Fadi Hassan palestinarra epaitegira sartzen, parean kontzentratu zaizkionei begira.

"Zapaltzailea ez litzateke hain boteretsua, zapalduen artean konplizeak ez balitu". Esteban Zamora Donostiako Kaxilda liburu-dendako arduradunetako batek Simone de Beauvoir-en esaldi horrekin laburbildu du Fadi Hassan palestinarrarekin gertatzen ari zaiena.

Astelehen goizean Kaxildako bi kidek eta hirugarren pertsona batek epaiketa izan dute Donostian, izena egiten ari den Fadi Hassanen aurka. Palestinari buruzko liburu baten aurkezpenaren aurretik eraso egin ziela salatzen dute, nahiz eta salaketa Hassanek berak jarri gauza bera egotziz haiei.

Igandean Nazioarteko Palestinarekiko Elkartasun Eguna izan zela oroitarazi dute, eta nabarmendu Palestinaren egoera larria dela Israelen okupazioaren eraginez. Nabarmendu dute, adibidez, Gazan dagoeneko ez dutela ez ur edangarririk ezta elektrizitaterik ere askotan. "Palestinarena kasu enblematikoa da borroka internazionalistan, erantzuna eskatzen du, eta Euskal Herrian internazionalismoa bandera historikoa da", adierazi du Zamorak.

Horrez gain, azaldu  dute Fadi Hassan, palestinarra izan arren, Donostian herri horrekiko elkartasunez antolatzen diren ekitaldiak oztopatzen ari dela. Elkarretaratzean 40 bat lagun bildu dira, tartean, Hassanekin mota bateko edo besteko istiluak izan dituzten zenbait pertsona. "Hona etorri naiz, ikus gaitzan, atzean jendea dugula jakin dezala nahi dudalako", adierazi dio ARGIAri horietako batek.

ARGIAk ikerketa erreportajea eskaini zion Fadi Hassani, Donostiara duela bost urte heldu zenetik gaur egun arte egindako bidearen zenbait printz jasoz. Kontzentrazioaren antolatzaileek ARGIAri publikoki eskertu diote erreportajea, pertsona horren nondin norakoak hobeto ulertzen lagundu ziela adieraziz, eta kontzentraziora bertaratu direnei liburuxka moduan banatu diete euskarazko eta gaztelaniazko bertsioa.

Jarraian Kaxildako kideek egiten duten irakurketa eta esker hitzak.